EUSKADI.-Arrigorriagako (Bizkaia) udaletxe berriko egitura jarri dute

Actualizado: lunes, 1 febrero 2010 18:20

BILBO, 1 Feb. (EUROPA PRESS) -

Arrigorriagako Udalak (Bizkaia) udaletxe berriaren egiturari eutsiko dion altzairuzko egitura jarri du. Eraikinean 4,2 milioi euro inbertituko dira, hau da, esleipenean ezarritako zenbatekoa baino 400.000 euro gutxiago. Lanak 2011. urtearen hasieran amaitzea dago aurreikusita.

Egitura berria soto baten gainean dago eginda. Sotoan Udal Artxiboa egongo da, eta aparkalekuetarako eremua ere egingo da bertan. Oinarri horren gainean, beheko solairua eta beste bi solairu eraikiko dira. Horrela, hurrengo urratsa eraikina fatxadarekin janzten joatea da, bai eta udal gelak banatuko dituzten zuloak sortzen joatea ere, Arrigorriagako alkate Alberto Ruiz de Azuak iragarri duenaren arabera.

Gainera, udaletxe berria burutzeko proiektuaren arabera, berriro jarriko dira eskola zaharraren eraikinari eusten zioten harriak (udaletxe berria eskolak hartzen zuen espazioaren gainean ari da eraikitzen). Izan ere, udaletxe berriak Arrigorriagako herritarrek eskatzen dituzten zerbitzuei emango die erantzuna.

Arrigorriagako udaletxe berria eraikitzeko proiektua 2009ko uztailaren 29an hasi zen egiten. Harrezkero, "eta aurreikusitako kronograma betez", Ruiz de Azuak aurreratu duenez, lurzorua hondeatu eta zimendatu da, ezarritako epeekin bat etorriz.

Arrigorriagako udaletxe berria eraikitzeko proiektua kontsulta eta aurretiazko azterketetara irekitako prozesu baten emaitza da. Izan ere, erabaki "egokia" hartzeko asmoz egin dira horiek guztiak, alkateak gogorarazi duenez. "Gobernu taldetik -gaineratu du-, udaletxe berria egungo udaletxetik hurbil dagoen plazako eskola zaharren eraikinean kokatzeko erabakia hartu zen. Erabakia aho batez berretsi zen osoko bilkura batean".

Lanok egiteko arrazoiak honakoak dira: irisgarritasun arauetara egokitzea, teknologia berriak inplementatzea, zegoen espazio urria handitzea eta kostuak merkatzea, eskola zaharraren eraikinaren azpiegitura aprobetxatuta.