EUSKADI.-Auto batean ia bederatzi kilo haxix zeramatzan 30 urteko gizon bat atxilotu dute Irunen (Gipuzkoa)

Actualizado: viernes, 20 marzo 2009 12:46

DONOSTIA, 20 Mar. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren Gipuzkoako Trafikoko Unitateko agenteek 30 urteko gizonezko bat atzeman dute gaur Irunen ustezko droga trafiko delitu bat leporatuta. Atxilotuak alokairuzko auto batean ia bederatzi kilo haxix zeramatzan motxila baten barruan sartuta, Eusko Jaurlaritzak Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.

Gipuzkoako Trafiko Unitateak N-1 errepidean Behobian (Irun) jarritako alkohol eta droga kontrol batean egin dute atxiloketa.

Gaur goizaldean, 3:45 aldera, Ford Focus auto bat gelditu dute agenteek gidariari alkohol eta droga probak egiteko. Gizonezkoaren urduritasunak eta etengabe sakelekoan jasotzen ari zen dei kopuruak, ertzainen susmoak piztu ditu. Dokumentazioak autoa alokairuzkoa zela zioen.

Berehala, ertzainek autoa miatu dute eta motxila baten barruan substantzia sorgorgarri batez (haxixa) betetako bederatzi pakete aurkitu zituzten. Gutxi gorabehera bederatzi kilo droga ziren guztira.

Aurkikuntza honen ostean autoko gidaria atxilotu dute, Malagako gizonezko bat. Ertzaintzak ikerketekin aurrera jarraitzen du eta atxilotua izapideak bukatzean jarriko du epailearen esku.