EUSKADI.-Auzibidean jarri dute baimendutako alkohol tasa ia seikoiztu duen autobus gidari bat

Actualizado: miércoles, 25 marzo 2009 18:22

DONOSTIA, 25 Mar. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren Gipuzkoako Trafiko Unitateko agenteek autobus gidari bat auzibidean jarri zuten atzo gauean, bide segurtasunaren kontrako delitu bat egotzita. Gertakarien egileak positibo eman zuen alkoholemia probetan, eta bidaiari-garraiolarientzat baimenduta dagoen alkohol tasa ia seikoiztu zuen, Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez.

Gertakaria atzo gauean jazo zen, 21:00ak jota zirenean, N-1 errepidean, Oiartzunen (Gipuzkoa). Eremu horretan, bidaiari-garraiolariei zuzendutako alkoholemia kontrol bat ezarrita zegoen. Prebentzio kontrol hauek maiztasunez egiten dira, ohiko trafiko kanpainen baitan.

Ordu horretan, agenteek bidaiariak zeramatzan autobus gidari bati alkoholemia proba egin zioten. Gizonezkoak positibo eman zuen; hain zuzen ere 0,81 eta 0,84 miligramo alkohol arnastutako aire litroko, eta, legaren arabera, bidaiari-garraiolariek ezin dute 0,15eko tasa gainditu.

Hortaz, autobus gidaria auzibidean jarri zuten bide segurtasunaren kontrako delitu bat egin izana leporatuta, eta epailearen aurrean agertu beharko da, Ertzaintzak dagokion polizia argiketa helarazten duenean.