EUSKADI.-Auzolan programak gizarte-bazterketa arriskuan dauden Arrigorriagako (Bizkaia) zortzi langabeturi emango die lana

Actualizado: miércoles, 24 febrero 2010 18:03

BILBO, 24 Feb. (EUROPA PRESS) -

Gizarte-bazterketa arriskuan dauden Arrigorriagako (Bizkaia) zortzi herritar sartuko dira lan-merkatura Auzolan programari esker, egitasmo horren bitartez, martxotik hasita sei hilabetez arituko baitira lorazain lanak egiten.

Auzolanek prestakuntza prozesua eta lan-praktika uztartzen ditu aldi baterako kontratuen bitartez. Horrela, enplegua bilatzea zaila duten pertsonei lan-merkatura itzultzeko lehentasunezko helburua betetzen da. Sei hilabetez arituko dira Arrigorriagako zortzi herritarrak, lanaldi partzialean (30 ordu astean), eta martxotik abuztura bitartean iraungo du.

"Lorezaintzaren aldeko apustua egitea erabakitzen dugun hirugarren urtea da jarraian. Izan ere, beti funtzionatu izan du ondo", zehaztu du Arrigorriagako alkate Alberto Ruiz de Azuak.

Onuradunek lorezaintzako bi enpresak lagunduta lan egingo dute: Naturbason eta Arri-Loralen. Enpresetako bakoitzak udalerriko inguru baten egiten du lan, Mendikosolobarrena parkean eta herrigunearen inguruan, hurrenez hurren.

Arrigorriagako alkateak azaldu du Auzolan programan parte hartzeko hautagaiek "zenbait betekizun" bete behar dituztela, besteak beste, "zailtasun handiak izan behar dituzte lan-merkatuan sartzeko".

Auzolan 2001ean hasi zen aplikatzen, eta urtero bi edo hiru programa aktibatu ditu. Era berean, beste laneratzeko programa batekin osatzen da, Betikolan programarekin, alegia. "Bi programa horiek Arrigorriagako gizon eta emakumeen prestakuntza eta lan beharrizanak estaltzen dituzte", adierazi du alkateak.

Betikolani esker, Arrigorriagako 12 herritar, denak emakumeak, prestakuntza prozesu batean ari dira parte hartzen joan den azarotik, "Etxeetan pertsonei arreta sozio-sanitarioa eskaintzeko lanbide-prestakuntza" erdi mailako titulua lortzeko. Aukeratutako guztiak emakumeak dira, Arrigorriagako Udaleko Gizarte Ekintza Saileko iturriek azaldutakoaren arabera, "beste pertsona batzuk baino hobeto egokitzen direlako lanaren ezaugarrietara".

Era berean, Arrigorriagako alkatearentzat helburua da "lan-merkatuan eskari handia duen adar profesionala -pertsona nagusien arreta- ustiatzea eta lan mota horri duintasuna ematea, normalean, lan hori ezkutuko ekonomiaren barruan sartzen baita".

Betikolan programak ia urtebeteko iraupena dauka, prestakuntza (maiatzaren amaierara arte iraungo du) eta kontratazioa (ekainean egingo da eta sei hilabete iraungo du) barne hartuta. Parte-hartzaileek programan sartutako hiru modulu gainditu behar dituzte kontratatuak izateko, solaskideek esandakoaren arabera. Ikasleek bi modulu baino ez badituzte gainditzen, praktikak egiteko eskubidea baino ez dute izango, baina ez zaie lan-kontraturik egingo.

Prestakuntzari esker, osasun fisiko edo psikikoko beharrizan bereziak dituzten pertsonen zaintzaile gisa aritu ahal izango dira, gaixoen autonomia pertsonala mantendu eta hobetzeko prozedura eta estrategia egokiak aplikatuz. Lan hau babestutako pisuetan eta etxebizitza partikularretan garatuko da.