EUSKADI.-Bakearen aldeko Astea ospatuko du Bilbok datorren astean, hiriak bakearen kulturarekin duen konpromisoa zabaltzeko

Actualizado: viernes, 22 enero 2010 14:37

BILBO, 22 Ene. (EUROPA PRESS) -

Bakearen aldeko Astea ospatuko da urtarrilaren 25etik 31era arte "Sortu bakerako guneak" goiburuarekin, eta aste hori antolatuz, Bilbok ere bat egiten du aurten ere urtarrilaren 30ean Mahatma Gandhiren hilketaren inguruan eta haren mezu ez-bortitzaren inguruan egiten den oroitzapenarekin.

Jon Sustatxa Bilboko Udaleko Enplegu, Gazteria eta Kirol Saileko zinegotziak aurkezpenean esan duenez, aste honen helburu nagusia "bilbotarren artean bakearen kultura zabaltzea, hausnarketa egitea eta konpromisoa sustatzea da, horrela, gatazkak indarkeriarik gabe konpontzeko gaitasuna handituko delako". Gainera, bere iritziz, Bilbo "bakearen aldeko sentsibilizazioarekin eta indarkeriarik ezarekin konprometitutako hiria" dela agertuko da.

"Ekimen hau jarri dugu abian ziur gaudelako bakerako hezkuntzak integrala eta gizartean iraunkorra izan behar duela", baieztatu du Jon Sustatxak.

Asteko egun bakoitzean jarduera bat egingo da. Sarrera dohainik izango da eta zabalik egongo da bakearen aldeko ekimenetan parte hartu nahi duten guztientzat. Horrela, urtarrilaren 25ean, Bilboko Udalak Bakearen aldeko Astearen inguruan prestatu duen adierazpen instituzionala irakurriko da. Hurrengo egunean, "CheckPoint Rock" filma emango dute 19:30etan Bilborocken.

Urtarrilaren 27an "Tendencias actuales en conflictos armados y construcción de la paz" izenburuko hitzaldia izango da, 19:30etan, Bidebarrieta liburutegian Mariano Aguirre Osloko (Norvegia) Bakea Eraikitzeko Zentroko zuzendariaren partaidetzarekin.

Urtarrilaren 29an, "Mujeres en construcción" dokumentala izango da ikusgai, eta gero mahai-ingurua egingo da protagonistekin. Ekitaldia 19:30etan izango da, Bidebarrietako Liburutegian. Urtarrilaren 30ean bakearen aldeko globoak askatuko dira Eskolapioen ikastetxetik Arriaga plazaraino; globoak helmugan askatuko dira. Ekintzaren antolatzailea Itaka-Escolapios Fundazioa da, eta guztia 12:00etan hasiko da.

Halaber, urtarrilaren 31n, ibilaldia egingo da bizikletan 12:00etan Areatzan hasita. Helmuga Casilda Iturrizar parkean egongo da, eta omenaldia egingo zaie biktimei parkeko monumentuetan.

Bakearen aldeko Astearen baitan egingo diren beste jarduera batzuren artean, "Aste bat bakerako" izeneko agiria argitaratuko da. Hezkuntzaren arloko baliabidea da umeek eta gaztetxoek zenbait gai jorra ditzaten Bakearen aldeko Astean. Gainera, hainbat ekintza egingo dira ikastetxeetan, parrokietan, aisialdiko taldeetan eta abarretan bakearen kultura zabaltzeko.