EUSKADI.-Banden eta kaleko musika taldeen Haizetara IV. Nazioarteko Lehiaketa ospatuko da asteburu honetan Zornotzan (Bizkaia)

Actualizado: lunes, 15 junio 2009 18:23

BILBO, 15 Jun. (EUROPA PRESS) -

Fanfarre, banda eta kaleko musikaren Haizetara IV. Nazioarteko Lehiaketa izango da asteburu honetan Zornotza herri bizkaitarrean. Aurreko hiru kitaldietan izandako arrakastaren ondoren, lehiaketaren laugarren edizioan sei herri ezberdinetatik helduriko bederatzi banda izango dira, publikoak jatorri eta estilo desberdinez goza dezan, besteak beste, dixieland, funky, latin-funk, ska eta rhythm&blues soinuak izanik.

Taldeek herriko bazter guztiak alaituko dituzte, eta bertaratzen diren guztiek aukera izango dute, besteak beste, musika alai eta dibertigarriaz gozatzeko eta bigarren eskuko musika-tresnen eta prezio oneko instrumentuen feria bisitatzeko; musika-denda espezializatuek hartuko dute parte ferian, Gipuzkoako Donosti Sound eta Bizkaiko Txirula Sound, esaterako.

Haizetara jaialdia duela hiru urte sortu zen Zornotzako Udalaren eskutik, San Juan gauaren inguruan. Herriko artxibo historikoetan biltzen denez, San Juan jaian ohikoa zen musika taldeak kaleetan zehar ikustea. Lehiaketa honekin, XX. mendearen hasieran musika San Juan suarekin lotzen zuen jaia berreskuratu nahi du Udalak. Era berean, Haizetara jaialdiaren bitartez munduko beste hainbat tokitako musika joera berrienak ezagutzera emateko, musika arloarekin loturik dagoen publikoa erakarri nahi du herrira.

Aurtengoan, 30etik gora izan dira beren proposamena aurkeztu duten hautagaiak, eta horien artean musika-estilo ezberdinak biltzen dituzten bandak aukeratu dira. Lan nekeza izaten da urtean urtean lehiaketarako bandak hautatzea, alde batetik, talde askok ematen dutelako parte hartzeko izena eta, bestetik, proposamen musikalen dibertsitatea handia delako.

Lehiaketan parte hartuko duten bandak hautatzean, musikaren kalitateaz gain, kultur ekarpena, ikus-entzuleekiko elkarreraginerako gaitasuna eta errepertorioaren aberastasuna izan dira kontuan, maila goreneko musika eta kultura eskaintza bermatzeko xedeaz.

Horrela, Haizetara lehiaketaren 2009ko edizioan izango diren taldeen artean daude La Fanfare en Petard (Frantzia), Fanfare du Belgistan (Belgika), Desbundixie (Portugal), La Brassa Band (Espainia), Turukutupa (Gasteiz), Express Brass Band (Alemania), Festicultores Troupe (Galizia), D'Ixie et D'Ailleurs (Frantzia), Brasta (Holanda) eta Irmaos Esferovite (Portugal).