EUSKADI.-BBK-k 40 etxebizitza laga dizkio Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeari, alokairu sozialean kudeatu ditzan

Actualizado: miércoles, 3 junio 2009 14:15

BILBO, 3 Jun. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeak eta Bilbao Bizkaia Kutxak (BBK) hitzarmen bat sinatu dute gaur Bilbon, eta horren bitartez, finantza-erakundeak 40 etxebizitza berri (garaje eta trastelekua barne) lagako dizkio udal sozietateari, 50 urtez. Etxebizitzak Errekaldeko barrutian ari dira eraikitzen une honetan -Gaztelondo inguruan, Fangoko kiroldegitik gertu-, eta babes ofizialeko 100 etxebizitzaz osatutako sustapen baten parte dira. BBK-k 5,1 milioi euroren truke erosi du etxebizitza-sorta hori.

Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeko presidentea eta Bilboko Udaleko alkateordea den Julia Madrazok eta BBKren zuzendariorde nagusia den Jon Mancisidorrek sinatu dute akordioa. Biek nabarmendu dutenez, bai akordioak eta bai instituzio biek egunero egiten duten lanak "helburu soziala dute".

Etxebizitzak 2010. urte bukaerarako egongo dira amaituta, eta alokairu babestuko erregimenean esleituko dira. 40 etxebizitza horietatik lauk logela bakarra dute, eta 36k, berriz, bi logela. Lau etxebizitza minusbaliotasunen bat duten pertsonentzat daude egokituta. Denek dute garajea eta trastelekua, eta 63 metro kaodroko azalera dute, batez beste.

Bilboko Udal Etxebizitzak erakundearen parkeko gainerako etxebizitza berriak bezala, eraginkortasun energetikoko eta iraunkortasuneko irizpideak jarraituz eraikitzen ari dira, eta ekipamendu-maila handiarekin emango zaizkie etorkizuneko maizterrei.

40 etxebizitza berri horiez gain, Bilboko Udal Etxebizitzak erakundea beste 1.986 etxebizitza ari da eraikitzen hiriko barruti guztietan, 2004-2013 Inbertsio Plana aplikatuz. Izan ere, 2013an, Bizkaiko hiriburuak Udalaren jabetzako 5.000 etxebizitza eta 1.000 lokal izango ditu, denak ere alokairu sozialera bideratutakoak.