EUSKADI.-BBK-k 6,3 milioi euro emango ditu 352 gizarte proiektutarako, iaz baino %5 gehiago

Actualizado: miércoles, 1 julio 2009 13:57

BILBO, 1 Jul. (EUROPA PRESS) -

Bilbao Bizkaia Kutxak (BBK) 6,3 milioi euro emango ditu 352 proiektutarako, Gizarte Proiektuen Programaren zortzigarren deialdian. Irabazi asmorik gabeko 194 erakundek sei ekintza-lerrotan banatutako 352 ekimen garatuko dituzte, eta, guztira, iazkoa baino %5 handiagoa den diru-laguntza jasoko dute horretarako.

Bestetik, badago albiste berririk deialdi honetan, Bizkaitik kanpoko herrialdeetan hautaketa prozedura aldatu baita, BBK-k berak aukeratu ditu-eta bere gizarte ekintzaren irizpideetara gehien atxikitzen diren egitasmoak. Deialdi mota berri honen helburu nagusia da baliabideak gizarte laguntzako ikuspegitik eragin handiena duten proiektuetara bideratzea, aldi berean, lurralde bakoitzeko gizarte erakundeekin harremana estutuz.

Diru-laguntzak jasoko dituzten arloei dagokienez, gehienak elbarritasun eta gaixotasunen arlokoak dira (joera horri eutsi zaio deialdiko aurretiazko edizioetan), diru-laguntzen %47 hartuko dituzte-eta. Gizarte bazterketaren aurkako proiektu berriek laguntzen %24 jasoko dituzte; garapenerako lankidetza sustatzeko ekimenek, %9,5; eta adinekoekin lan egiteko jarduerek, %7. Azkenik, etorkinentzako laguntzek zortzigarren deialdi honetan emandako diru-laguntzen %5,8 jasoko dituzte, eta I+G+b-ko jarduerek, %5,7.

Onartutako proiektuetatik, 309 Bizkaian lan egiten duten erakundeenak dira, eta bost milioi euroko diru-laguntza jasoko dute. Bizkaiko lurraldetik kanpo lan egiten duten erakundeentzako diru-laguntzak 1,3 milioikoak izango dira.

Gizarte ekintzako irabazi asmorik gabeko ekimen pribatuari laguntzeko asmoz, 2001ean BBKren apustu estrategiko moduan sortu zenetik, Gizarte Proiektuei Laguntzeko Deialdiak 44,2 milioi euro eman ditu zortzi edizioetan. Gizarte Proiektuen Programa BBK-ko gizarte ekintzako programa handienetakoa da, bere lehentasunezko jarduketa-lerroari erantzuten diolako, hau da, gizarteratzeko eta laneratzeko prozesuen sustapenerako ekimen pribatu eta publikoari laguntzen diolako.

Zortzigarren edizio honetan, honako hauexek izan dira Ebaluazio Batzordeko kideak: Hegoa, EHUren Nazioarteko Garapen eta Kooperazio Institutua; Evalua, gizarte aholkularitza; Ados Consulting Ikertaldea, EHUren Soziologia arloko Ikerketa Taldea; Invesco Consulting; EDE Fundazioa eta Txindorra aholkularitza.

Deialdia ebazteko orduan, batzordeak honako alderdi hauek izan ditu aztergai: erakunde eskatzaileen helburuak, gaur egun dauden premiak, proiektuen bideragarritasun teknikoa eta aurrekontu-egokitzapena, erakundeen gaitasuna eta esperientzia, iraunkortasuna eta genero-ikuspegia, beste gizarte-eragile batzuekin garatutako lankidetza eta koordinazioa eta proposamenek eragile publikoen gizarte-politikekin zein BBK-ko gizarte ekintzako lerro estrategikoekin duten bateratasuna.

Zentzu horretan, garapenerako lankidetzaren arloan onartutako diru-laguntzen barruan, tokian tokiko garapen ekonomikorako proiektuei eman zaie lehentasuna, beti ere BBK Solidarioaren finantziazioa kontuan hartu badute. BBK Solidarioa Fundazioak sarritan mikrokredituetan oinarritzen den finantziazio-lerro berezia dauka, BBKrekin itun estrategikorako harremana duen elkarte-sarea edo Gizarte Ekintzako Hirugarren Sektorea sendotzeko.