EUSKADI.-BEAZ zentroak eta Bizkaiko Foru Aldundiak enpresa sortu berrien gida bat argitaratu du

Actualizado: jueves, 19 febrero 2009 14:40

BILBO, 19 Feb. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Berrikuntza eta Ekonomiaren Sustapenerako Sailaren menpe dagoen BEAZ Bizkaiko Enpresa eta Aurrerapen Europar Zentroak enpresa sortu berrien "Guia de Empresas-Enpresen Gidaliburua" gidaren 1.000 ale argitaratu dituzte. Gidaren helburua da bertan agertzen diren enpresentzat tresna baliagarria izatea eta Bizkaiko Foru Aldundiak eta BEAZek Bizkaiko enpresen sarea berreratzeko egiten duten lana erakustea.

Argitalpenaren 321 orrialdeetan, guztira, 230 enpresa agertzen dira eta gidaren zabalkundearekin enpresa horien artean eta beste enpresa batzuekin (traktoreak izan, zein industria laguntzailekoak izan) enpresa-sinergiak sortzea lortu nahi da. Ez daude guztiak jasota, baina bai multzo esanguratsu bat, Raul Onaindia BEAZeko zuzendari kudeatzailearen arabera.

Enpresak hobeto aurkitzeko, gidak aurkibide alfabetiko bat dauka. Enpresa bakoitza ordezkatzen duen ekoizpen-sektorean kokatuta dago eta bere fitxan honako hauek agertzen dira: izena, helbidea, kokapena, intereseko telefonoak, helbide elektronikoa, web-orria eta bere jardueraren eta ematen dituen zerbitzuen deskripzioa.

Honako hauek dira gidan jaso diren sektoreak: elikagaigintza, artisautza, ikus-entzunezkoak, bioteknologia, kalitatea eta ingurumena, eraikuntza eta muntaketa, diseinua, argitalpenak eta komunikazioa, elektronika, energia berriztagarriak eta energia-eraginkortasuna, prestakuntza eta hezkuntza, ezagutzaren kudeaketa, ingeniaritzak, logistika, medikuntza eta osasuna, modeloak eta mekanizatuak, aisia, turismoa eta kirola, nekazaritza ekologikoa, robotika, gizarte zerbitzuak, industriarako ehungintza, IKT-k eta zerbitzu profesionalak.

Onaindiak esandakoaren arabera, bioteknologiaren eta IKTen sektoreak "euskal administrazioek eta, zehazki, Bizkaiko Foru Aldundiak egiten duten apustu berriaren adierazle dira".

Gida, enpresetan, berrikuntza zentroetan, sustapen erakundeetan, elkartegietan eta enpresa-elkarteetan banatuko da. BEAZeko zuzendari kudeatzaileak, amaitzeko, esan du BEAZen web-orrian (beaz.bizkaia.net) espazio bat jarriko dela interesatuta dauden pertsonek edo erakundeek gida doan jaso dezaten. BEAZ sozietatea 1987an sortu zen, Bizkaiko ekoizpen sarea berreratu eta modernizatzeko.