EUSKADI.-Bi adingabe atxilotu dituzte Bilbon tirakada eginez emakume bati poltsa lapurtzeagatik

Actualizado: viernes, 29 mayo 2009 15:02

BILBO, 29 May. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 14 eta 16 urteko bi adingabe atxilotu zituzten atzo Bilbon indarkeriaz egindako lapurreta delitu bat egotzita. Biktimak kolpea hartu zuen buruan, zorroa ostu ez ziezaion lapurretako bati aurre egin zionean, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez.

Gertakariak 23:30ak aldera jazo ziren atzo, adingabe batzuk Bilboko Orixe kaletik zihoan emakumezko baten gainera joan zirenean. Biktimak lapurrei aurre egin zien eta, ondorioz, lurrera erori zen eta buruan odola zerion zauri bat izan zuen.

Zenbait lekukok Ertzaintza ohartarazi zuten eta, agenteak bertaratu zirenean, emakumezkoak zorroa lapurtu ezin izan ziotela adierazi zien eta, gainera, lapurrei buruzko informazioa eskaini ahal izan zuen. Hainbat lekukok lapurrek nondik ihes egin zuten jakinarazi zieten agenteei, eta handik gertu atzeman zituzten.

Biktimak atzemandako bi gazteak (14 eta 16 urteko bi adingabe) lapurrak zirela egiaztatu zuenean, agenteek atxilotu eta polizia egoitza batera eraman zituzten.