EUSKADI.-Bi adingabe atxilotu dituzte Ermuan (Bizkaia) 18 ibilgailutan lapurtzeagatik

Actualizado: jueves, 18 febrero 2010 17:27

BILBO, 18 Feb. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek delitu aurrekari ugari dituzten 16 eta 17 urteko bi adingabe atxilotu zituzten atzo goizean Ermuko Udaltzaingoarekin laguntzarekin, Bizkaiko udalerri horretan aparkatutako 18 ibilgailutan lapurtu izana egotzita, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez.

Gertakariak atzo goizaldean jazo ziren Ermuko Santa Ana auzoan, hainbat gaztek bertan aparkatutako ibilgailu askotan lapurreta egin zutenean. Egileek harriak eta objektu sendoak erabili zituzten 18 ibilgailuren leihatiletako kristalak hausteko. Gazteek objektu ugari ostu zituzten: GPS aparatuak, diru-zorroak, betaurrekoak eta arropak, besteak beste.

Atzo goizeko 9:00ak aldera, Ermuko Udaltzaingoaren agenteek motxila bat zeramaten bi gazte identifikatu zituzten. Aurretik dei bat jaso zen, bi gazte horiek beste pertsona batzuekin izan omen zuten liskarren bati buruz ohartarazteko. Motxilan objektu ugari zeramatzaten eta, agenteek nondik atera zituzten galdetu zietenean, ez zuten erantzun argigarririk eman. Halaber, oraindik matxardak jarrita zituzten arropa batzuk zeramatzaten, ustez, gertuko auzo bateko esekitokiren batetik ostu omen zituztenak.

Denbora gutxira, Ertzaintzaren patruila batek esku hartu zuen. Egindako ikerketei esker, ertzainek baieztatu ahal izan zuten bai objektu horiek bai gazteek lotura zutela ordu batzuk lehenago Santa Ana auzoan aparkatutako hamazortzi ibilgailutan egindako lapurretekin.

Agenteek bi gizonezkoak (delitu aurrekari ugari dituzten 16 eta 17 urteko bi adingabe) atxilotu zituzten, indarra erabiliz egindako lapurretaren delitu bat egotzita. Dagozkien eginbideak burututa, eta Adingabeen Fiskaltzari gertakariaren berri eman ostean, biak euren tutore legalen esku utzi zituzten.