EUSKADI.-Bi emakume atxilotu dituzte Leioan (Bizkaia) kupoi saltzaile bati 50 euroko billete faltsu batekin iruzurra egiteagatik

Actualizado: viernes, 20 febrero 2009 14:17

BILBO, 20 Feb. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 19 eta 30 urteko emakumezko bi atxilotu zituzten atzo arratsaldean Leioan (Bizkaia), kupoi saltzaile bati 50 euroko billete faltsu bat emanez iruzur egin izanagatik, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko iturriek gaur jakinarazi dutenez.

Ustez bi emakumezkok egindako iruzurraren inguruko salaketa jaso zuen Ertzaintzak. Susmagarriek bost euroko balioa zuten hainbat kupoi erosi omen zituzten eta erositakoa 50 euroko billete batekin ordaindu. Bi emakumezkoak joanak zirenean konturatu omen zen saltzailea, jaso berri zuen billetea ez zela benetakoa.

Ertzaintzaren patruila bat gertakaria jazo zen kioskora bertaratu zen eta bertan egiaztatu zuten aipatutako billetea faltsua zela. Pixka bat beranduago aurkitu zituzten ustez iruzurra egin zuten emakumezko biak. Identifikatu ostean agenteek aurrekoa bezalako billete gehiago zeramatzatela egiaztatu zuten.

Hori dela eta, bi susmagarriak atxilotu eta polizia egoitzara eraman zituzten bertan beharrezko izapideak burutu eta ostean epailearen esku jartzeko.