EUSKADI.-Bi gizon atxilotu dituzte Bilbon azken hileetan EAEn lapurreta ugari egin dituen talde bateko kideak direlakoan

Actualizado: miércoles, 18 marzo 2009 18:24

BILBO, 18 Mar. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 18 eta 22 urteko bi gizonezko atxilotu zituzten herenegun Bilbon, azken hilabeteotan indarkeriazko lapurreta ugari egin dituen talde bateko ustezko kideak izatea egotzita. Talde horrek Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri ezberdinetako garaje, bulego, trasteleku eta beste mota batzuetako establezimendu askotan ostu du, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez.

Bi gizonezkoak astelehen arratsaldeko lehen orduetan atxilotu zituzten, Bilboko San Frantzisko auzoan, ikerketa bati esker. Ikerketa horren baitan, Ertzaintzaren Polizia Zientifikoak egindako txosten ezberdinek egiaztatu zuten atzemandako bi lagunek garaje, bulego, trasteleku eta mota guztietako establezimenduetan jardunbide bera erabiliz egindako hainbat lapurretatan parte hartu zutela. Bi gazteei azken hilabeteotan EAEko udalerri ezberdinetan modu antolatu eta bateratuan indarkeriazko lapurreta ugari egin dituen talde bateko kide izatea leporatu diete.

Ikertzaileek egiaztatu dutenez, bi gazteek 2008ko abenduaren hasieran jazotako lapurreta batean parte hartu zuten, non Laudioko (Araba) garaje batzuetan bi auto ostu zituzten, besteak beste. Egun batzuk geroago, talde hau Mungiako (Bizkaia) jatetxe batean eta bulego batzuetan antzeko lapurretak egiten saiatu zen, baina bertako Udaltzaingoak harrapatu zituen eta, agenteei labanez eta ahuntz-hankez aurka egin ostean, lapurrek Laudion ostutako auto batean ihes egin behar izan zuten.

Ihes egiterakoan, hainbat tresna utzi zituzten tokian, Ertzaintzak ondoren egiaztatu ahal izan zuenez, Bilboko zenbait trasteleku, enpresa bat eta taberna bat indarrez zabaltzeko erabili izan zituztenak.

Atxiloketaren unean, susmagarrietako batek hainbat erreminta zeramatzan eta, orain, Ertzaintza tresna horiek aztertzen ari da, atxilotuek azken hilabeteotan izandako hainbat lapurretatan (bereziki trastelekuetan egindakoak) parte hartu duten argitzeko. Hori dela eta, ikerketak zabalik jarraitzen du eta datozen orduetan, polizia eginbideak bukatzerakoan, atxilotuak Agintaritza Judizialaren aurrean jarriko dituzte.