EUSKADI.-Bi gizon atxilotu dituzte Bilbon beren bikotekideei erasotzeagatik

Actualizado: lunes, 15 febrero 2010 15:25

BILBO, 15 Feb. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 23 eta 42 urteko bi gizonezko atxilotu dituzte gaur goizaldean Bilbon, bikotekideei eraso egin izana leporatuta, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko iturriek jakinarazi dutenez.

Gaur goizaldeko 4:00ak jotzeko minutu gutxi falta zirela, Bilbo Zaharra auzoko etxebizitza batean bizi den emakumezko batek ertzainak bidaltzeko eskatu du, bikotekideak eraso egin baitzion. Jarraian, patruila bat bertaratu eta deitzailearekin harremanetan jarri da.

Emakumezkoak urradurak zituen gorputz atal ezberdinetan eta, agenteei jakinarazi dienez, bikotekideak eraso egin zion, eztabaidan ari zirela. Egoera horren aurrean, eta beharrezko egiaztapenak burutu ostean, agenteek ustezko erasotzailea (etxean zegoen) atxilotu egin dute.

Bi ordu geroago, Atxuri kaleko auzokide batzuek emakume bat eraikineko eskailera-buruan laguntza eske ari zela ohartarazi dute. Bertaratutako herritarren segurtasunerako agenteek zenbait ubeldura zituen emakumezko bat aurkitu dute. Biktimak salatu duenez, bikotekideak eraso egin berri zion eta etxetik alde egitera behartu zuen. Agenteak etxebizitza horretara bertaratu dira segituan eta ustezko erasotzailea atxilotu dute.

Bikotekideak erasotzea leporatu dieten bi atxilotuak Bilboko ertzainetxe batera eraman dituzte, dagozkien eginbideak burutzeko eta, ondoren, epailearen esku uzteko.