EUSKADI.-Bi gizon atxilotu dituzte Bilbon hiriko zenbait hoteletan gaua igaro eta ordaindu gabe alde egiteagatik

Actualizado: martes, 17 febrero 2009 17:36

BILBO, 17 Feb. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 19 eta 22 urteko bi gizonezko atxilotu zituzten atzo arratsaldean Bilbon, ustez hiriko zenbait hoteletan behin baino gehiagotan maula delitu bat egin izana egotzita. Hoteletan gaua eman ondoren, fakturak ordaindu gabe alde egiten zuten atxoilotuek, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren arabera.

Ustezko maula-egileak atzo atxilotu zituzten, Mazarredo zumarkalean kokatutako hotel batean gaua eman ostean, faktura ustez dirurik ez zuen kreditu txartel batekin ordaintzen saiatzen ari zirenean.

Hoteletik Ertzaintza ohartarazi zuten eta agenteek egiaztatu zuten bertan identifikatutako bi gazte horiek zor handiak (hainbat kasutan 700 eurotik gorakoak) utzi zituztela iragan asteetan gaua eman zuten Bilboko beste hotel batzuetan.

Egoera honen aurrean eta beharrezko egiaztapenak burutu ostean, bertaratutako ertzainek bi susmagarriak atxilotu eta polizia egoitza batera eraman zituzten. Ondoren, zegozkien eginbideak burutu ostean epailearen esku jarri zituzten. Gainera, atxilotuetako batek epaileak emandako atxiloketa-agindu bat zeukan betetzeke.