EUSKADI.-Bi gizon atxilotu dituzte Bilbon neska bati eraso eta ukituak egiteagatik

Actualizado: martes, 2 febrero 2010 13:08

BILBO, 2 Feb. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 20 eta 22 urteko bi gizonezko atxilotu zituzten atzo gauean Bilbon, metroko geltoki batean neska bati eraso eta ukituak egiteagatik. Segurtasun-zaindari bat ere zauritu zuten, emakumeari laguntzera bertaratu zenean, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez.

Dirudienez, gertakariak atzo gaueko 22:30ak aldera jazo ziren Bilbon, metroko geltoki batean. Emakume gazte bat nasan trenari itxaroten zegoela, gizonezko bi hurbildu zitzaizkion, inguratu egin zuten eta, hitzik egin gabe, jo egin zuten eta ipurdian eta bularretan ukituak egin zizkioten.

Gertakarion lekuko izan zen zaindari batek laguntza eskatu zien lankideei eta korrika joan zen hari laguntzera. Ertzaintzaren patruila bat bertaratu zenerako, zaindariek atxikita zituzten erasotzaileak, eta oso asaldatuta eta oldarkor zeuden biak.

Gertatutakoaren berri jasotakoan, agenteek atxilotu egin zituzten biak (20 eta 22 urteko gizonezkoak), sexu erasoa eta lesioak egin izana egotzita. Anbulantzia bi ere bertaratu ziren, emakumea eta zaindaria artatzera; erasoa jasan zuen emakumeak ostikadak eta ukabilkadak jaso zituen eta zaindariak lesioak zituen beso batean.

Atxilotuak epailearen esku jarriko dituzte datozen orduotan.