EUSKADI.-Bi gizon atxilotu dituzte Errenterian (Gipuzkoa) lau ibilgailutan lapurtzeagatik

Actualizado: martes, 16 febrero 2010 14:58

DONOSTIA, 16 Feb. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek aurrekariak dituzten bi gizonezko atxilotu dituzte gaur goizaldean Errenterian (Gipuzkoa), udalerriko Beraun auzoan aparkatuta zeuden lau ibilgailutan lapurreta egin izana egotzita. Lapurrek hautsi egin dituzte zenbait ibilgailuren beirak eta irrati bat lapurtu dute horietako batean, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.

Gaur goizaldeko 5:00ak aldera, Ertzaintzaren agenteak bidaltzeko eskatu dute Errenteriako Beraun auzotik. Izan ere, lekuko batzuen arabera, bi pertsona bertan aparkatuta zeuden ibilgailuetan lapurtzen ari ziren. Bertara joan diren agenteek lekukoek emandako deskribapen fisikoarekin bat egiten zuten bi gizonezko aurkitu ditu. Identifikatu baino apur bat lehenago, horietako batek zerbait sartu du propagandarako postontzi batean, eta bihurkin bat zela baieztatu dute apur bat geroago.

Agenteek ikusi dutenez, bertan aparkatuta zeuden lau ibilgailu (BMW bat eta hiru Volkswagen) indarrez irekita zeuden eta beirak hautsita zituzten. Halaber, lapurrek irrati baten karatula hartu dute; handik gertu aurkitu dute minutu batzuk geroago. Lapurreta horien ustezko egileak 27 eta 28 urteko bi gizonezko dira, eta indarra erabiliz lapurtu izana egotzita atxilotu dituzte.