EUSKADI.-Bi gizon atxilotu dituzte Zamudion (Bizkaia) kreditu txartelak lapurtu eta iruzurrak erabiliz 2.400 euro ateratzeagatik

Actualizado: jueves, 12 marzo 2009 18:19

BILBO, 12 Mar. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek bi gizonezko atxilotu zituzten atzo Zamudion (Bizkaia), jabetzaren kontrako delitu bat egotzia, ustez kreditu txartel bi lapurtu eta 2.400 eurotik gora atera baitzituzten, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez.

Iragan otsailaren 23an, dagokion salaketaren bidez, Ertzaintzak jakin zuen pertsona bati kreditu txartel bi ostu zizkiotela eta, txartel horiek erabilita, hainbat kutxazain automatikotan 2.400 eurotik gora atera zituztela.

Biktimak eskainitako informazioaren arabera, lapurreta urtarrilaren erdialdearen eta otsailaren 20aren artean jazo omen zen, epe horretan igarri baitzuen biktimak txartelen falta; hortaz, iruzurrez egindako diru ateratzeak ere epe horretan egin behar izan zituztela ondorioztatu zuten agenteek.

Lehenbiziko ikerketei esker, biktimari txartelak lan egiten duen Zamudioko jatetxean lapurtu zizkiotela egiaztatu zuten ertzainek, seguruenik lanean arropa aldatzen zuenean. Hala, susmo guztiak jatetxeko lankide baten senarraren gainean jartzea ahalbidetu zuen ikerketak. Gertakariaz galdetu ziotenean, gizonezko horrek onartu egin zuen ostutako kreditu txartelen bidez dirua atera zuela, baina txartelak lapurtu izana ezeztatu zuen.

Denbora gutxi ostean, txartelen eta hauen ezkutuko zenbakien lapurretaren ustezko egilea jatetxean lan egiten zuen beste gizonezko bat zela ondorioztatu ahal izan zuten agenteek ikerketa berri batzuen bidez.

Gertakari hauek direla eta, atzo ikerketaz arduratutako ertzainek bi susmagarriak (30 eta 18 urteko bi gizonezko) atxilotu zituzten, jabetzaren kontrako delitu bat egotzita.