EUSKADI.-Bi gizon atxilotu dituzte Zornotzan (Bizkaia) garaje batean lapurtzen harrapatu ondoren

Actualizado: martes, 24 febrero 2009 18:47

BILBO, 24 Feb. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek eta Zornotzako (Bizkaia) udaltzainek 24 eta 18 urteko bi gizonezko atxilotu dituzte gaur goizaldean Zornotzan, ustez indarkeriaz egindako lapurretaren delitu bat egotzita. Atxilotuak Karmen kaleko hainbat garajetan lapurtzen ari zirenean harrapatu dituzte, Herrizaingo Saileko iturriek gaur jakinarazi dutenez.

Gertakariak gaur goizaldean jazo dira, 1:15ean. Ordu horretan, Ertzaintzaren Agintaritza eta Kontrol Zentroak agenteak Karmen kalera bidaltzeko eskatu duen dei bat jaso du; izan ere, udaltzain batek laguntza behar zuen, hainbat garajetan indarkeriaz lapurtzen ari zirela susmatzen zuelako.

Bertaratzerakoan, Ertzaintzaren patruila bat udaltzain birekin harremanetan jarri da eta azken hauek bi lagun garaje batean indarrez sartu zirela jakinarazi diete ertzainei. Lau agenteak garajera hurbildu dira eta sarrera ateak indarrez zabaldu izanaren zantzuak zituela ikusi dute.

Une horretan, ertzain batek atea ireki du eta ate atzean ezkutatuta zegoen gizon bat irten eta ertzainari labana batez eraso egiten saiatu da, baina agenteak, mugimendu azkar bati esker, ustezko lapurra geldiaraztea lortu du. Jarraian, beste ertzainak eta udaltzaingo biek garaje barruan zegoen eta bihurkin handi bat zeraman bigarren lapurra atxikitzea lortu dute.

Aipatutako gertakari hauen guztien aurrean, agenteek bi gizonezkoak (24 eta 18 urte) atxilotu dituzte, indarkeriaz egindako lapurreta delitu bat egotzita.