EUSKADI.-Bi gizon eta emakume bat atxilotu dituzte Berrizen (Bizkaia) taberna batean lapurtzeagatik

Actualizado: lunes, 11 enero 2010 15:37

BILBO, 11 Ene. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek bi gizon eta emakume bat atxilotu dituzte gaur goizaldean Berrizen (Bizkaia), herriko taberna batean lapurreta egin dutelakoan. Egileek lokaleko leihoetako bat indarrez zabaldu dute eta, barruan sartu direnean, makina txanponjaleko dirua ostu dute, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.

Gertakariak gaur goizaldeko 2:30ak aldera jazo dira, Berrizko taberna batean. Ordu horretan, Ertzaintzaren agenteei jakinarazi diete aipatutako tabernan lapurreta egin zutela. Ertzainek baieztatu ahal izan dutenez, lapurrek lokaleko leihoetako bat indarrez zabaldu eta hainbat kristal hautsi zituzten barruan sartzeko. Ondoren, txanpon-makinako sarraila bortxatu eta makinan zegoen dirua lapurtu zuten. Jarraian ihes alde egin dute.

Minutu batzuk geroago, Ertzaintzaren agenteek lapurretaren ustezko hiru egileak identifikatu dituzte N-634 errepidean, auto batean udalerritik alde egiten ari zirenean, Bilboko noranzkoan. Ibilgailuan txanpon ugari atzeman dituzte, ustez, indarrez zabaldutako makina txanponjaletik lapurtutakoak. Ertzainek ibilgailuan zihoazen bidaiariak (29 eta 37 urteko bi gizon eta 44 urteko emakume bat) atxilotu dituzte, indarra erabiliz egindako lapurretaren delitu bat egotzita.