EUSKADI.-Bi gizon eta emakume bat atxilotu dituzte Portugaleten (Bizkaia) zenbait ibilgailutik gurpilak lapurtzeagatik

Actualizado: lunes, 16 marzo 2009 14:01

BILBO, 16 Mar. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek bi gizonezko eta emakumezko bat atxilotu dituzte gaur goizaldean Portugaleten (Bizkaia), Santurtzin aparkatuta zeuden lau ibilgailutik beste horrenbeste gurpil lapurtzea leporatuta, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko iturriek jakinarazi dutenez.

Gertakariak 3:15 aldera jazo dira. Ertzaintzaren Herritarren Segurtasunerako patruila batek Portugaleteko kale batean bigarren ilaran aparkatuta zegoen furgoneta bat ikusi du eta, argiak itzalita zituenez eta barruan jendea zegoenez, agenteei susmagarria iruditu zaie. Hortaz, agenteak furgonetarantz joan dira baina, une horretan, susmagarrietako bat aipatutako ibilgailua martxan jarri du eta ihes egiten hasi dira.

200 metro inguru egin ostean, furgonetan zihoazen pertsonek ate bat ireki dute eta bi gurpil bota dituzte, polizia atzetik segika zebilen bitartean. Ondoren, ertzainek furgoneta geldiaraztea lortu dute eta bidaiariak (emakumezko bat eta gizonezko bat) identifikatu dituzte.

Furgonetaren barrualdea ikusi ostean, agenteek beste bi gurpil aurkitu dituzte. Ondoren jakin ahal izan dutenez, gurpil horiek eta aurretik bota dituztenak ere, Bullon auzoan aparkatuta zeuden zenbait ibilgailutatik ostu zituzten susmagarriek.

Hiru atxilotuak Muskizko Ertzainetxera eraman dituzte eta datozen orduotan Barakaldoko Guardiako Epailearen esku jarriko dituzte. Atzemandako emakumezkoak Barakaldoko 4. Epaitegiaren atxiloketa eta aurkezpen agindu bat bete gabe du.