EUSKADI.-Bi ibilgailutan lapurtu duen gizon bat atxilotu dute Bilbon

Actualizado: lunes, 29 junio 2009 15:44

BILBO, 29 Jun. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek gizonezko bat atxilotu dute gaur goizaldean Bilbon lapurreta delitu bat leporatuta. Auto baten barruan lapurtzera zihoanean harrapatu dute susmagarria, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.

Gaur goizaldean, 4:30ak izateko minutu eskas falta zirela, Ertzaintzak bizilagun baten abisua jaso du, ustez, gizonezko bat Bilboko Erripa kalean aparkatuta zegoen auto baten barruan lapurretan ari zelako.

Patruila bat berehala bertaratu da eta agenteek lekukoak emandako deskribapenarekin bat zetorren gizonezko antzeman dute Peugeot Partner furgoneta baten barruan; ibilgailuko kristaletako bat indarra erabiliz hautsita zegoen.

19 urteko susmagarria identifikatu ostean, gainean zeraman motxila bat miatu dute agenteek. Motxila barruan bere kutxa barruan zeuden betaurreko batzuk, hainbat kasete, labana bat, giltzatako bat, linterna bat eta aterki bat zeuden; ustez lapurtutako objektuak lirateke guztiak ere.

Bitartean, inguruetan zebilen beste patruila batek adierazi die agenteei kale berean aparkatuta zegoen beste auto batek (Ford Ka auto bat) ere lapurreta bat jasan omen zuela. Hau guztia ikusita, ertzainek susmagarria atxilotu eta ertzainetxera eraman dute lapurreta delitu bat leporatuta.