EUSKADI.-Bi pertsona inputatu dituzte Gasteizen aseguruari maula egiteko salaketa faltsuak aurkezteagatik

Actualizado: miércoles, 18 febrero 2009 14:14

GASTEIZ, 18 Feb. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek auzibidean jarri dituzte gizonezko bat eta emakumezko bat azken astean, maula delitu bat eta salaketa faltsuaren delitu bat egotzita, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko iturriek gaur jakinarazi dutenez.

Otsailaren 10ean, gizon gazte batek lapurreta egin ziotela salatu zuen Ertzaintzaren egoitzan. Bere esanetan, kalean zihoala bi gizonezkok labana batez lapurreta egin eta, beste gauza batzuen artean, diru kopuru handia ostu zioten. Bi egun geroago, emakumezko batek antzeko salaketa bat aurkeztu zuen; kasu honetan, bera etxebizitzan zegoenean, zenbait txanodun sartu omen ziren eta, mehatxu eginda, zeukan diru guztia ematera behartu zuten.

Ertzaintzak ikerketa hasi zuen eta, gertakariak argitze aldera bi salatzaileei xehetasun gehiago eskatu zizkiotenean, kontraesan ugari zeudela ohartu ziren agenteak. Ondoren ikertzaileek egindako azterketei esker, salaketak faltsuak zirela egiaztatu ahal izan zuten eta, azkenean, salatzaile biek lapurreta horiek jazo ez zirela onartu zuten.

Dirudienez, beren aseguru-polizek bere gain hartzen dute mota honetako lapurreten ondorioz lapurtutakoa, eta pikarokeriaz aseguruari maula egiten saiatu ziren bi lagunak.