EUSKADI.-Bidaiarien sarrerak %15 gutxitu ziren joan den urtarrilean Euskal Autonomia Erkidegoan

Actualizado: viernes, 20 febrero 2009 12:34

BILBO, 20 Feb. (EUROPA PRESS) -

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hotel-establezimenduek 100.983 bidaiari-sarrera erregistratu zituzten joan den urtarrilean, aurreko urteko hil berean baino 18.500 sarrera gutxiago, hau da, %15eko jaitsiera, Eustatek eskainitako datuen arabera. Bidaiarien sarrerak %27 jaitsi ziren Araban, %17 Gipuzkoan eta %11 Bizkaian, Eustaten datuen arabera.

Espainiatik etorritako bidaiarien sarrerek %14ko jaitsiera izan zuten eta beste herrialde batzuetatik etorritakoenek, %20koa. Espainiatik helduriko bidaiarien kopurua hiru herrialdeetan jaitsi zen: Araban %28, Gipuzkoan %14 eta Bizkaian %9. Beste herrialdeetako bidaiarien kopurua ere hiru herrialdeetan jaitsi zen: %24 Araban eta Gipuzkoan, eta %16 Bizkaian.

Galizia, Balear Uharteak, Murtzia, Ceuta eta Melillatik etorritako bidaiariak gehitu egin ziren, eta Katalunia, Andaluzia, Aragoi eta Gaztela eta Leondik etorritakoak jaitsi. Beste herrialdeetako bisitarien kasuan, bidaiari gehiago etorri zen Danimarka, Herbehereak eta Iberoamerikatik, baina Frantzia, Italia, Portugal, Erresuma Batua eta Belgikatik etorritakoen kopurua gutxitu, besteak beste.

Gaualdiak, joan den urtarrilean, 182.863 izan ziren, aurreko urteko urtarrilean baino %16 gutxiago, hots, 36.000 gaualdi pasa gutxiago. Gaualdiek urte batetik bestera bilakaera negatiboa izan zuten hiru lurraldeetan: Araban %-21, eta Bizkaian eta Gipuzkoan %-16.

EAE osotara hartuta, bidaiarien batez besteko egonaldia 2008ko urtarrileko 1,83 egunetik aurtengo 1,81 egunera pasa zen. Indize hau %5 murriztu zen Bizkaian, baina Araban %8 eta Gipuzkoan %1 hazi.

Plazakako betetze-maila %22 jaitsi eta iazko urtarrileko %33,25etik aurtengo %26,09ra pasa zen. Jaitsiera honek hiru lurraldeei eragin zien: Araban %-28, Bizkaian %-22 eta Gipuzkoan %-18.

LANDA-TURISMOA

Bestalde, joan den urtarrilean 4.146 bidaiari-sarrera izan ziren EAEko landa-turismoetan, hots, aurreko urteko hilabete berean baino %1 gutxiago. Bidaiarien kopurua %17 gehitu zen Araban eta %7 Gipuzkoan; Bizkaian, aldiz, %24 jaitsi zen.

Espainiatik helduriko bisitariak %3 handitu ziren EAEn. Lurraldeka, Bizkaian %22 jaitsi ziren, baina igo Araban (%34) eta Gipuzkoan (%8). Atzerritarrek %39 murriztu zuten beren presentzia EAE osoan, hiru herrialdeetan jaitsiz: Araban eta Bizkaian nabarmen jaitsi ziren ehunekotan eta Gipuzkoan (%-7) apalago.

EAEko landa-turismoko establezimenduetan egindako gaualdiak 10.595 izan ziren urtarrilean, aurreko urteko hil berean baino %1 gehiago. Urte arteko hazkunde-tasa positiboa izan zen Araban (%72), baina negatiboa Bizkaian (%-23) eta Gipuzkoan (%-5).

Bidaiarien batez besteko egonaldiaren iraupena handitu egin zen EAEn, 2008ko urtarrilaren aldean. Hain zuzen ere, duela urtebete 2,52 eguneko batez bestekoa izan zen eta aurtengoan 2,56koa. Bilakaera positibo hau batez ere Araban eta Bizkaian izan zen; Gipuzkoan jaitsi egin zen (%-11).

Plazen betetze-maila, azkenik, %9 jaitsi zen, %10,73tik %9,81era, Bizkaian (%-28) eta Gipuzkoan (%-15) izandakoen ondorioz; Araban %52 hazi zen, %12,88raino.