EUSKADI.-Bikotekide ohia kolpatu eta bortxatu duen 30 urteko gizon bat atxilotu dute Bilbon

Actualizado: viernes, 13 marzo 2009 14:52

BILBO, 13 Mar. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 30 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo goizean Bilbon, genero indarkeria delitu bat leporatuta. Atxilotuak kolpatu eta gorputzeko hainbat gunetan ziztatu omen zuen labana batez bere bikotekide ohia, eta gainera, heriotza mehatxuak egin ostean maiz bortxatu omen zuen, Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez.

Aste honetan zehar gertatu da dena biktimaren Bilboko etxean. Ustez, joan den astelehen goizaldean bere bikotekide ohia emakumearen etxera joan zen eta, gorputz osoan hainbat kolpe eman eta labana batez ziztatu ostean, harreman sexualak izatera behartu zuen.

Gertatutakoaren ondoren biktimak etxetik alde egin zuen eta asteazkenean itzuli zen bere ondasunak eramateko. Egun hartan berriz ere bere bikotekide ohiak kolpatu egin zuen eta hiru orduz sexualki eraso egin zion eta lepotik indarrez helduz, ito egin nahi izan zuen.

Horretaz gain, erasotzaileak eskuko telefonoa kendu zion eta heriotza mehatxuak eginez ez zion etxetik ateratzen utzi. Atzo goizeko lehen orduetan, eta erasotzailea lo zegoela aprobetxatuz, emakumezkoa Ertzainetxera joan eta zegokion salaketa jarri zuen.

Une batzuk geroago, patruila bat etxebizitzara bertaratu zen, eta han aurkitu zuten ustezko erasotzailea, lotan. Berehala atxilotu zuten genero indarkeria, sexu erasoa, legez kanpoko atxiloketa eta biktimarengandik urrun mantentzera behartzen zuen agindua urratu izanaren delituak leporatuta. Susmagarria lehenago ere antzeko delitu batengatik atxilotua izan zen eta ondorioz, bere emazte ohiarengandik urrun mantentzeko agindua bete beharra zeukan. 30 urteko atxilotua gaur goizean bertan jarri dute epailearen esku.