EUSKADI.-Bilbaoeszenak arte eszenikoak bultzatzera bideraturiko "Artistak egoitzan" programaren deialdia ireki du

Actualizado: martes, 23 febrero 2010 13:17

BILBO, 23 Feb. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren esku dagoen Bilbaoeszena Bilboko Baliabide Eszenikoen Zentroak "Artistak egoitzan" programaren 2010eko deialdia ireki du. Programa hori joan den urtean hasi zen Bilbon arte eszenikoak sustatzeko eta bultzatzeko asmoarekin, bere arduradunek adierazi dutenez.

Aurtengo deialdira aurkeztu nahi diren pertsonak 2010eko martxoaren 15era arte izango dute aukera euren sorkuntza-proposamenak aurkezteko. Lehen edizioan bezala, gehienez ere bost arte-egoitza aukeratu ahal izango dira, eta horien helburu nagusiak proposamen eszenikoak sortzea, ikertzea eta zabaltzea izango da.

Bilbaoeszenaren "Artistak egoitzan" programaren helburu nagusia artistei eta artista taldeei laguntzea da, arlo eszenikoetan sorkuntza edo ikerketa prozesuak garatzeko baliabideak eskainiz (ekonomikoak, teknikoak, prestakuntzakoak edo laguntzakoak eta abar) eta, batik bat, eszena berriekin zerikusia duten, interes zehatz bat sortu eta izaera anitza duten arloetan, ardatz nagusia antzerkia eta dantza izanik.

Programa honetan, Bilboko Udalak, Bilbaoeszenaren bidez, xede bi lortu nahi ditu: batetik, arte eszenikoen esparruko arte sorkuntza sustatzea, eta, bestetik, garapen eta ikerketa-prozesuak bultzatzea, arlo eszenikoak eta, batez ere, dramaturgia berriak ardatz nagusiak izanik. Halaber, hirugarren helburu bat ere aipa daiteke, hots, sorkuntzako talentua aurkitzera eta erakartzera bideratua, ekoizpen garapen prozesurako sarrera erraztuz.

18 urtetik gorako artistek, bakarka edo taldean aurkez ditzakete deialdi honetarako proiektuak, arte eszeniko garaikidearen sorkuntza edo ikerketako lan prozesuetan Bilbaoeszenarekin parte hartu nahi badute. Parte-hartzaileen nazionalitatea edozein izan daiteke baina egoitza bi, gutxienez, euskal artisten proposamenetarako izango dira.

Egoitza bakoitzak gehienez 35 eguneko iraupena izango du eta epe horretan modu trinkoan egingo da, aurkeztu eta hautatutako proiektu artistikoan oinarrituta. Egoitzak Bilbaoeszenaren lokaletan eta beste udal ekipamendu batzuetan egingo dira, batez ere uztailean, abuztuan, irailean eta urrian. Proiektu bakoitzerako diru-kopurua gutxienez 1.500 euro eta gehienez 5.000 eurokoa izango da.

Egoitza proiektuaren proposamen zehatzak gehienez ere 15 orrialde izango ditu, eta bertan xehetasun artistikoak, prozesuaren deskribapena, egoitzaren helburua eta eduki artistikoak azalduko dira. Agiri hori euskaraz edo gaztelaniaz bidali ahal izango da eta beste hizkuntzaren batean bidaliz gero, atal bakoitzaren laburpena erantsi beharko da, Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako batean idatzita.

2009KO EDIZIOA

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak 74 eskari jaso zituen iaz, "Artistak egoitzan" programaren lehenengo edizioan, programak eskaintzen zituen bost egoitzetako bat jasotzeko. 16 proposamen Bilboko artistek aurkeztu zituzten; beste hamar Euskal Autonomia Erkidegoko sortzaileak aurkeztutakoak izan ziren; 37 Espainiako lekuetatik jasotakoak izan ziren, eta gainerako 11k Italia, Argentina, Suitza, Grezia edo Mexiko bezalako herrialdeetatik, besteak beste.

Horietatik guztietatik, proposamenak aukeratzeko ardura zuen batzordeak, kanpoko adituen laguntzarekin, honako hauek aukeratu zituen: Rosa Casadok aurkeztutako "El ser humano perfecto-el vídeo Booth" izenekoa eszenan jartzea garatzeko; Sandra Fernandezek, Paloma Callek eta La Tristura taldeak aurkeztutako "Fa en cuarta", "My heart belongs to daddy" eta "Actos de juventud" proposamenak, hurrenez hurren; eta Matxalen de Pedrok aurkeztutako "Ex_ceso" proiektua aurrera eraman ahal izateko. Aurkeztutako lanen ia erdia emakume banakoek aurkeztu zituzten.

Proiektuak aukeratzeko orduan, epaimahaiak kontuan izan zituen, besteak beste, haien izaera anitza eta eremu eszeniko berrien ikerketara eta garapenera egindako hurbilpen berritzailea.