EUSKADI.-Bilbok turismo eta negozioen arloan duen eskaintza aurkeztuko du bihar eta etzi Bruselako (Belgika) EMIF azokan

Actualizado: martes, 17 marzo 2009 13:53

BILBO, 17 Mar. (EUROPA PRESS) -

Bilbo EMIF European Meeting Industry Fair delako azokan egongo da bihar eta etzi. EMIF Belgikan egiten duten enpresa-ekitaldiei eta bilerei buruzko erakustaldirik garrantzitsuena da, Bruselan ospatzen da eta ordezkaritza bilbotarraren helburua hirira enpresa-arloko edo sektore batzuetako ekitaldiak erakartzea da.

Bilbo Turismo erakundearen iritziz, Brusela eta haren ingurua enpresen eta elkarteen bilerak Bilbora erakartzeko gune garrantzitsua da. Europako Batzordearen eta Europako Kontseiluaren egoitzak Belgikako hiriburuan daude eta hantxe dute egoitza nazioarteko enpresa askok ere; hori dela eta, Bilbon izan daitezkeen ekitaldiak erakartzeko "erreferentzia-puntua" dela deritzo.

Modu honetan, Bilbo Turismoko ordezkaritza EMIF'09 azokara joango da eta "lotura erraza" izango da gainera, Bilbo eta Brusela lotuta baitaude egunero eta modu zuzenean hegazkinez.

Besteak beste, biltzarrak antolatzen dituzten enpresek, bidaia agentziek, hotel taldeek eta hegazkin konpainia batzuek parte hartuko dute azokan. 2008ko edizioan mundu guztiko 40 herrialdetako 607 erakuslek parte hartu zuten eta sektoreko 3.000 profesional inguru joan ziren azokara.

Aurtengo edizioan, hirian edo inguruan biltzar, batzar eta bilera handiak dauden egiturak aurkeztuko ditu Bilbok, hala nola Bilbao Exhibition Centre (BEC) eta Euskalduna Jauregia, edo egoitza bereziak, esate baterako, Oriol Jauregia eta Artatza Jauregia. Hotelen eskaintza, gastronomia, aisialdi eta kultur eskaintza zabala ere aurkeztuko ditu Bilboko ordezkaritzak horiek duten garrantzia emanda.

Gainera, Bilbo Turismok asmoa du datozen hilabeteetan sustapen-lan indartsua egiten jarraitzeko, hain zuzen ere, zenbait erakustazoka edo sustapen-jardunalditara joanda edo bestelako jarduerak eginda, esate baterako, 'famtrip' (hiriaren turismo-zerbitzuak erakusteko eta sustatzeko bidaiak) eta 'fampress' jarduerak (turismoan espezializatutako kazetariei Bilbo ezagutzera egindako gonbidapenak).