EUSKADI.-Bilboko Arriaga Antzokiak itsuentzat egokituriko "Mamma mia!" musikalaren saio bat eskainiko du abuztuaren 19an

Actualizado: martes, 11 agosto 2009 14:49

BILBO, 11 Ago. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Arriaga Antzokiak bat egingo du ezintasuna duten pertsonentzako antolatutako Aste Nagusiko jarduerekin, eta abuztuaren 19an, 19:30etan, "Mamma mia!" musikal arrakastatsuaren emanaldi bat eskainiko du itsuentzat egokituta. Jarduera hori Arriaga Antzokiak eta ONCE erakundeak 2008ko azaroan sinatutako hitzarmenaren barruan kokatzen da, ikusmen urritasuna duten pertsonei antzerkiko ikuskizunekin guztiz gozatzeko aukera emateko helburuarekin.

Hitzarmena tintaz eta braillez sinatu zuten Arriaga Antzokiko presidente Ibone Bengoetxeak eta ONCEren Euskadiko ordezkari Basilio San Gabrielek. Akordioari esker, Arriaga Antzokia itsuei egokitutako lehenengo eta antzerki bakar bilakatu da.

2008-2009ko denboraldian, ikusmen urritasunak zituzten pertsonek horiei egokitutako hiru ikuskizunez gozatzeko aukera izan zuten: "Sweeney Todd" musikalak, urtarrilaren 16an, eta "Dos menos" (otsailaren 26an) eta "Hermanas" (apirilaren 8an) antzezlanak.

Oraingoan, "Mamma mia!" musikalaren txanda izango da. Abuztuaren 6an estreinatu zen eta Arriaga Antzokiko eszenatokian egongo da irailaren 6ra arte. Abba talde suediarraren abestietan oinarritutako musikal honen abuztuaren 19ko 19:30etako emanaldia itsuei zuzenduko zaie bereziki.

ONCEk eta Arriaga Antzokiak egindako akordioaren helburua da, hitzarmenean esaten denaren arabera, "itsuak eta ikusteko urritasunak dituzten pertsonak integratzea eta pertsona horiek kultura orokorrera eta, kasu honetan, arte eszenikoetara, hurbiltzeko normaltasun-prozesuan eragina duten baliabide guztiak bideratzea". Hori lortzeko asmoarekin, Arriaga Antzokiak AUDESC sistema erabiliko du, hau da, itsuentzako audiodeskribapena. ONCEk horren jabetza industrialaren eskubideak ditu.

AUDESC sisteman aldi bereko itzulpena egiteko taldea dago. Horrela, itsuei antzezlanean agertzen diren elementuei buruzko banako eta soinuzko informazioa eman ahal izango zaie, denbora errealean eta agertokian gertatzen den unean bertan.

Itsuentzat egokitutako saio bakoitzean, ONCEk jarriko ditu gidoiak egingo dituzten langile gidoilari audiodeskribatzaileak, ikuskizunen gaineko braille-sistemako eskuzko programak eta hizlaria. Arriaga Antzokiak, berriz, aldi bereko itzulpena egiteko beharrezko taldeak jarriko ditu.

Gainera, ikusleei arreta egiteaz eta informazioa eskaintzeaz eta hargailuak emateaz eta jasotzeaz arduratuko da. Halaber, egokitutako funtzio bakoitzean, beharrezko elementuak eta langile teknikoak (kabina soinugabetua, telebistako zirkuitu itxia eta abar) eskainiko ditu, saioak ikusmen-urriko pertsonei egokitze aldera.