EUSKADI.-Bilboko auzoak izango dira "Distrito Foto" argazki lehiaketako edizio berriaren protagonistak

Actualizado: lunes, 20 julio 2009 19:40

BILBO, 20 Jul. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak "Distrito Foto" lehiaketaren deialdi berri bat egin du eta 4.935 euro banatuko ditu sarietan modalitate bakoitzean, paperean (koloretan eta zuri-beltzean) eta euskarri digitalean; modu digitala da aurtengo edizioak berrikuntza gisa aurkezten duena. Modalitate berri honetan parte hartu nahi dutenek, www.bilbao.net/distritofoto webgunera bidali ditzakete argazkiak irailaren 7tik 18ra bitartean.

Antolakuntzak prentsa ohar bidez gaur jakinarazi duenez, ekimenak Bilboko leku eta bizilagunak islatzea du helburu, euren begietatik begiratuta. Argazkiak, Bilboko auzoek osatzen duten zortzi barrutietan egin ahal izango dira.

Lehiaketa 16 urtetik goranzko argazkizale guztientzat zabalik dago, eta aurkeztutako lanak (parte-hartzaile bakoitzeko eta modalitate bakoitzeko gehienez lau argazki) originalak izan beharko dira, gutxienez 20x25 zentimetroko paperezko formatuan eta kamara digitalez egindako argazkiak, JPG artxibategiak, bi megapixeletako erresoluzioa eta gehienez 5MBeko pisua izan beharko dute.

Paperezko originalak irailaren 7 eta 18 bitartean aurkeztu beharko dira 8:30etatik 13:45etara eta 16:15etatik 19:30etara, Deustu-Bidarte, Zurbaranbarri, Castaños, Otxarkoaga, Begoña, San Franzisko, "La Bolsa", Abando-Barrainkua, Irala Basurto edo Zorrotzako udaltegietan. Argazki digitalen kasuan aldiz, Udaleko webgunera (www.bilbao.net/distritofoto) bidali beharko dira eta epea irailaren 18ko 24:00etan bukatuko da.

10.000 EURO

"Distrito Foto"-k aurten bere hamargarren edizioa beteko du eta 10.000 euro banatuko ditu sarietan. Bi modalitateetan 1.000 euroko lehen sari bat egongo da, 750 euroko bigarren sari bat eta 350 euroko zortzi akzesit (lehiaketaren gai diren barruti bakoitzetik bana). Gainera, 16 eta 20 urte bitarteko parte-hartzaileen arteko argazkirik onenarentzat 385 euroko beste akzesit gazte bat izango da.

Epaimahaiak -argazkigintzako profesionalek osatua- irailaren 28an jakinaraziko du bere erabakia eta sari banaketaren ostean -urriaren 2an Castañoseko udaltegian ospatuko da- argazkiak publikoki aurkeztuko dira abendura arte udal barrutietan. Argazki digitalak, aldiz, udal webgunean ikusi ahal izango dira. Lehiaketa hauetan ohikoa den bezala, Bilboko Udalaren esku geratzen dira saritutako lanen esplotazio eskubideak.

Argazkiak ondorengo auzo eta gaiei buruzkoak izan beharko dira: 1. Barrutia (San Pedro, Deustuko Erribera, San Inazio, Ibarrekolanda, Arangoiti eta Elorrieta); 2. Barrutia (Castaños, Matiko-Ciudad Jardin, Uribarri eta Zurbaran-Arabella); 3. Barrutia (Otxarkoaga eta Txurdinaga); 4. Barrutia (Santutxu, Bolueta eta Begoña); 5. Barrutia (Zazpikaleak, Iturrialde, Solokoetxe, Atxuri, La Peña, Bilbo Zaharra, San Frantzisko, Zabala, San Adrian eta Miribilla); 6. Barrutia (Indautxu eta Abando); 7. Barrutia (Ametzola, Errekaldeberri-Larraskitu, Uretamendi, Iturrigorri-Peñaskal eta Irala) 8. Barrutia (Basurtu, Zorrotza, Olabeaga, Masuztegi, Monte Caramelo eta Altamira).