EUSKADI.-Bilboko Bidebarrieta liburutegiak Darwinen Eguna ospatuko du bihar hiru hitzaldi eta mahai-inguru bat antolatuz

Actualizado: jueves, 11 febrero 2010 11:19

BILBO, 11 Feb. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Bidebarrietako liburutegiak hiru hitzaldi eta mahai-inguru bat antolatu ditu biharko, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, duela 201 urte Charles Darwin jaio zen egunarekin bat etorriz mundu osoan ospatzen den Darwinen Egunaren ospakizunaren barruan, antolatzaileek jakinarazi dutenez.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak sustatu duen ekimena Bidebarrieta Kulturguneak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) antolatu dute eta, horrez gain, Center for Inquiry, Círculo Escéptico, bioGUNE CIC-aren, CSIC-EHU-UPV Biofisika Unitatearen eta 'El Correo' egunkariaren laguntza du.

Hitzaldiak izen handiko hiru ikerlari eta idazlek eskainiko dituzte, hain zuzen ere Francisco Garcia Olmedo Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko Biokimika eta Biologia Molekularreko katedradunak, Mariano Barriendos Bartzelonako Unibertsitateko Historia Modernoko irakasleak eta Manuel Toharia Valentziako Arte eta Zientzien Museoko zuzendari zientifikoak.

Antolakuntzatik adierazi dutenez, zientzia ezagutarazteko jardunaldiak eboluzioaren gaiaren ingurukoa izan behar du, baina klimaren eta gizarteek historian zehar izan duten elikaduraren ikuspegietatik landuko da oraingoan.

Hitzaldiak 18:00etan hasiko dira, Francisco Garcia Olmedoren "Autoselección artificial de la especie humana: la dieta como artificio" hitzaldiarekin. Landareen Ingeniaritza Genetikoan espezializatuta dagoen zientzialari eta idazleak landare espezieen hobekuntzara zuzendu du bere ikerketa-lana. Transgenikoen iraultza, bio-erregaien dilema, nekazaritza ekologikoaren errealitatea, landareen nutrizioa edo babesa dira bere lanean aztertu dituen alorretako batzuk, eta alor horietan benetako erreferentea da.

Ondoren, 18:45ean Mariano Barriendosek Bartzelonako Unibertsitateko Historia Modernoko irakasle eta klimatologia historikoko adituak hartuko du txanda, "La sociedad ante el clima y sus manifestaciones severas. Evolución de la religiosidad y la ciencia desde la Edad Media" izeneko hitzaldiarekin.

Jardunaldia bukatzeko ardura Manuel Tohariarena izango da, arratsaldeko 19:40tik aurrera, "Clima y Evolución" hitzaldiarekin. Zientzia Fisikoetan dago lizentziatuta, Kosmosaren Fisikaren espezialitatean. Manuel Tohariak bere ibilbidearen zati handia dibulgaziora zuzendu du, kazetari zientifiko gisa aritu da hainbat eta hainbat argitalpenetan eta irrati eta telebista saiotan, eta nazio mailako zientzia dibulgatzaile garrantzitsuenetakoa da. Bere ibilbidean 30 liburu baino gehiago argitaratu ditu, eta hainbat sari jaso ditu. Horien artean azpimarragarria da Zientzia Ikerketen Goi Kontseiluak (CSIC) emandako Zientzia Kazetaritzaren Saria.

Jardunaldietarako sarrera dohainik izango da, Bidebarrietako liburutegiko ekitaldi aretoko leku guztiak bete arte. Bilboko Udalak Charles Darwinen jaiotza ospatzen duen laugarren urtea da, eta aurreko ekitaldietan ikus-entzuleek harrera bikaina eman diote.