EUSKADI.-Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoak I+G alorreko soluzio aurreratuak garatzeko gela bat inauguratu du

Actualizado: viernes, 22 enero 2010 14:56

BILBO, 22 Ene. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoak (EHU-IGET) AIRg Gela inauguratu du ofizialki. Eskolan sortutako era horretako hamargarren gela DA, betiere ikasleak konpainia edo sektore jakin batzuei begira prestatu eta proiektu berrien garapena sektore horien beharrizanetara egokitzeko asmoz. Gela berria industriari zuzendutako I+G alorreko soluzio aurreratuetan espezializatuko da, bereziki ingurumen-inpaktuarekin zerikusia dutenetan.

AIRg Taldea da ekimenaren babeslea. Enpresa hau 2003an sortu zen Eskolako irakasle eta ikasle-ohi batzuen ekimenez, eta iaz arte, Bizkaiko Foru Aldundiko Berrikuntza eta Ekonomi Sustapen Sailak eta Beaz eta Seed Capital erakunde publikoek babestutako proiektua izan da. EHUko Enpresa-Haztegian kokatuta, 2009an, AIRg Taldea osatu zuen, prozesu-ingeniaritzan, energian eta ingurumenean zerbitzu aurreratuak eskaintzeko asmoz.

Jose Cambra eta Cristina Gutierrez-Cañas Eskolako irakasleak zuzendarikide dituen gela berri hau uztailean abiarazi zen. Harez geroztik, ekintza-plana bideratu eta instalazioak egokitu dira Eskolan duen egoitzan. Lehen ikasturte honetan 12 ikasle erakartzea da xedea. AIRg Gelan, karrera amaierako proiektuak eta doktorego-tesiak landuko dira nagusiki, bai eta graduondoko beste jarduera batzuk ere, I+G+b elorreko proiektuak barne.

LEHENENGO PROIEKTUAK

Orain arte, karrera amaierako sei proiektu abian jarri eta prestakuntza-plan espezifikoa zehaztu da gelan sartuta dauden azken ikasturteko zazpi ikaslerentzat. Hondakin-biomasaren balorizazio energetikoa, porlanaren osagai baten fabrikazioaren optimizazioa eta jatorri industrialeko isurketa kutsatzaile batzuen aurreikuspepa, kudeaketa eta trazagarritasunarekin zerikusia duten azterketak dira proiektu hauei dagozkien lan eta prestakuntza esparruetako batzuk.

Horren guztiaren bitartez, lankidetza-esparru malgua ezarri nahi da industriari dagozkion arazo desberdinetan esperientzia eta ezagutza ematen duten Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) lan-talde eta ikertzaileekin, ezagutza soluzio industrial aurreratutzat erabiltzeko aukera errazteko asmoz. Era berean, nazioarteko ikertzaile-taldeekin proiektuak lantzeko aukera ere aurreikusi da, atzerriko ikertzaileek Gelan egonaldiak egiteko aukera barne.

Prestakuntza-eredu honek oinarritzat hartu du Eskolak duela hamaika urtez geroztik abiarazi duena, ikasleen prestakuntza euskal enpresa-ehunaren eskakizun eta beharrizanetara etengabe egokitzeko asmoz, kezka hau baita Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoa erreferentziazko zentro bilakatu duena. Helburu horri begira, Eskolak ikasle eta enpresen arteko harremanak sustatzen dituzten jarduerak antolatzen ditu, bereziki karrerako azken ikasturteetan, hala nola, Lan Jardunaldiak eta Enpresen Aurkezpen Programa, Enpresa Mintegiak eta, batez ere, Enpresa Gelak.

Ikasturte honetan martxan jarri den AIRg Gela, Eskolan beharrizan espezifikoak dituzten konpainia jakin batzuei (Gamesa, Ormazabal, Robotiker eta ZIV) edo sektore jakin batzuei begira (Ekodiseinua, Aeronautika, Espazioa, Makina Erreminta eta Ekintzaileak) esklusibaz sortu den hamargarren gela da.

Inaugurazio ekitaldian, agintari instituzional eta akademikoak izan dira, baita jarduera-sektore desberdinetan punta-puntakoak diren euskal enpresen ordezkaritza zabala ere. EHUko errektore Iñaki Goirizelaia eta Eskolako zuzendari Enrique Amezuarekin batera, Eusko Jaurlaritzako Industria eta Energia sailburuorde Xabier Garmendia eta Unibertsitate eta Ikerketa sailburuorde Pedro Luis Arias, Beaz-eko zuzendari Raul Onaindia (Bizkaiko Foru Aldundiko Berrikuntza eta Ekonomi Sustapen Sailaren izenean) eta Aclima Ingurumen Klusterreko presidente Juan Luis Moragues bertaratu dira

Halaber, Idom, Sener, Cementos Lemona, Cementos Rezola, Energiaren Euskal Erakundea (EEE), Ihobe, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa, Petronor, Salica eta Tecnalia korporazio teknologikoa bezalako konpainien zuzendaritzakideak ere izan dira ekitaldian.