EUSKADI.-Bilboko Rekalde eta Iturrigorri-Peñascal auzoek 140 plazako aparkaleku berria dute

Actualizado: jueves, 30 julio 2009 14:56

BILBO, 30 Jul. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udalaren helburu nagusietako bat hiriko auzoetan dauden aparkalekuak osatzea da, eta ildo horretan, bi mailako aparkalekua eraiki da Rekalde eta Iturrigorri-Peñascal auzoen artean dagoen San Antonio parke berriaren sarrera-hegalean, zehazkiago, Aluceta eta Iturrigorri kaleen artean. Aparkalekuak 140 plaza izango ditu. Xedea da bi auzoetako biztanleei aparkatzea errazago bihurtzea, denbora eta bizi-kalitatea irabaz dezaten.

San Antonio parkea urbanizatzeko proiektu handiaren lehen fasean sartzen da jarduera. Proiektuaren helburua da berdegune berria gaitzea, bilbotarrek goza dezaten eta hiriko gerriko berdea handitu dadin. Horrela bada, aparkaleku berriaren bidez, etorkizunean parkeaz gozatzera doazen pertsonek errazago aurkituko dute aparkatzeko lekua.

Bilboko Udaleko iturriek gaur jakinarazi dutenez, proiektuaren oinarrian daude zonaldeko biztanleek hirirako birika berria sortze aldera egindako iradokizunak eta, horrela, lanak bukatzean, berdeguneko 135.000 metro koadro berri izango dira hirian.

Bi maila ditu aparkaleku berriak: goikoan, autoetarako 133 leku daude eta, behekoan, minusbaliotasuna duten pertsonen autoetarako sei leku eta motorretarako beste 20.

Bilboko Udaleko Obra eta Zerbitzuen Sailak 25.000 tona harri kendu behar izan du menditik aparkalekua eraiki eta parkearen urbanizazioa egin ahal izateko. Hamar hilabete behar izan dira aparkaleku berria eraikitzeko eta, guztira, 920.000 euro inguru inbertitu dira horretan.

2008ko ekitaldian, Obra eta Zerbitzuen Sailak konpromisoa hartu zuen 2008-2011 epean gainazalean aparkatzeko 1.100 plaza berri eraikitzeko, auzoetako aparkalekuen planaren bidez zortzi milioi euro inbertituz.

Plaza horiek sortzeko epea bukatu baino bi urte lehenago, Bilboko auzoetan banatutako 1.500 plaza berri eraiki edo eraikitzekotan dira, alegia, aurreikusitakoa baino %36 gehiago, 10 milioi euroko inbertsioarekin. Horrela, Bilboko Udalak aurrera jarraitzen du auzoetako bizi-kalitatea hobetzearen eta aparkatzea erraztearen aldeko apustuarekin.