EUSKADI.-Bilboko Txistularien Bandak KEtan musika tradizionaleko bikote berria aurkeztuko du bihar Euskalduna Jauregian

Actualizado: martes, 12 enero 2010 12:34

BILBO, 12 Ene. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Txistularien Bandak KEtan euskal musika tradizionaleko bikote berria aurkeztuko du bihar Euskalduna Jauregian, 2010eko kontzertuen denboraldiaren baitan. Leire Telletxea eta Jagoba Astiazaran gazteek akordeoiaren eta txistuaren ikuspegi berritzailea eskainiko dute emanaldian.

Kontzertua bihar arratsaldeko 20:00etan izango da Euskalduna Jauregiko A1 aretoan eta sarrera librea izango da aretoko edukiera bete arte, Bilboko Txistularien Bandako iturriek prentsa ohar bidez gaur jakinarazi dutenez.

KEtan izenarekin, 1986an Beran (Nafarroa) jaiotako Leire Telletxea akordeoi-jotzaileak eta urte berean Zestoan (Gipuzkoa) sorturiko Jagoba Astiazaran txistulariak "Izenaz garena" proiektua jarri dute martxan. Egitasmoaren helburua "bi musika-tresna horien musika tradizionala suspertzea da".

Biharko emanaldian eskainiko duten errepertorioan euskal kantutegi tradizionaleko pieza ezagunak eta Gabriel Erkoreka, Martin Zalba edo Eduardo Gorosarri bezalako konpositoreen sormen berriak eskainiko dituzte. Halaber, Jagoba Astiazaranen melodia batzuk ere interpretatuko ditu KEtanek kontzertua.

Euskalduna Jauregiak eskaintzen dituen eta Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren menpeko BilbaoMusika erakundeak sustaturiko doako emanaldien zikloaren baitan dago biharko kontzertua. BilbaoMusika erakundeak kudeatzen ditu Musika Eskola, Udal Musika Banda eta Txistularien Banda.