EUSKADI.-Bilboko Udal Liburutegien Sareak hiriko igerileku eta parkeetan jarri ditu eskuragarri liburuak

Actualizado: lunes, 29 junio 2009 18:47

BILBO, 29 Jun. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udal Liburutegien Sarea osatzen duten liburutegiek "Udako liburutegia" delako udako programa abiarazi dute gaur zortzigarren urtez. Ekimen honen helburua udako hilabeteetan liburutegietan gordeta egon ohi diren liburuak bilbotarrengana helaraztea da, kanpoaldeko eszenatoki ezberdinetara eramanez. Ekimena gaur jarri da martxan, Areatza eta Zorrotzako parkeetan (uztailaren 10era arte), eta Txurdinaga eta El Fango kiroldegietan datorren asteazkenetik abuztuaren amaierara arte egongo da abian.

Urteko gainerako hilabeteetan bezala, uztailean eta abuztuan ere, 15 udal liburutegietako batera hurbiltzen direnek, liburuak, aldizkariak, egunkariak, gidak, CDak, DVDak, prentsa digitalizatua eta datu-baseak kontsultatu eta mailegatzeko ohiko zerbitzuak erabili, erabilera pertsonaleko ordenagailuez baliatu eta hitzaldiak eta erakusketak bezalako kultur jardueretan parte hartzeko aukera izango dute.

Horrez gain, ekimenaren arduradunek azaldu dutenez, gaurtik aurrera, "liburutegiak izango dira erabiltzaileengana hurbilduko direnak". Honela, Areatzan eta Zorrotzako parkean, "Jolastu Parkean" programaren eskutik izango da ekimena uztailaren 10era arte. Ordutegia 11:30etatik 13:30etara eta 17:00etatik 19:00etara izango da. Bestalde, Txurdinaga eta El Fangoko piszinetan, abuztuaren 31ra arte luzatuko da egitarau eta ordutegia 12:00etatik 20:00etara izango da etenik gabe.

Bilboko Udal Liburutegien Sareak gai ezberdinetako liburuak jarriko ditu eskura (eleberriak, umeen eta gazteen literatura, aisialdirako eta autolaguntza), bai eta eguneroko prentsa eta aldizkariak ere. Liburuak etxera eraman nahi dituzten irakurleek, bestalde, aski izango dute Sareko edozein liburutegitan lor daitekeen irakurle-karneta aurkeztea.

Irakurzaletasuna sustatzea -bereziki etxeko txikienen artean- eta Udal Sarea osatzen duten liburutegien erabilera bultzatzea dira aurreko edizioetan 13.000 irakurle erakartzea lortu zuen udako programa honen helburua.

Bilboko Udal Liburutegien Sarea 15 liburutegik osatzen dute, eta guztien artean, euskarri desberdinetan (liburuak, aldizkariak, bideoak, CD-ROM, DVD) argitaratutako 300.000 ale baino gehiago jartzen dituzte herritarren esku, gai guztietakoak eta etengabe eguneratuta. Horrez gain, era askotako kultur jarduerak antolatzen dituzte, hala nola, hitzaldiak, ikastaroak eta mahai-inguruak.

Sarea, Deustu, Castaños, San Ignazio, Zurbaranbarri, Otxarkoaga, Begoña, Bidebarrieta, Buia, San Adrian, San Frantzisko, Zabala, BilbaoMusika, Irala, Errekalde eta Zorrotzako liburutegiek osatzen dute.