EUSKADI.-Bilboko Udalak 64.000 euroko laguntza humanitarioa bidaliko du Gazako Zerrendara

Actualizado: viernes, 27 febrero 2009 12:38

BILBO, 27 Feb. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udalak Gazako Zerrendara 64.000 euroko premiazko laguntza humanitarioa bidaltzea onartu du. Xedea da inguruan izandako azken gatazkak kaltetutako biztanleen bizi-baldintzak eta osasun-laguntza hobetzen laguntzea.

Palestinak auzoko arabiarren laguntza militarra izan ez duen lehen gatazka izan da; 2008ko abenduaren 27an hasi zen, eta Israelek 23 egunetan Gazaren kontra egindako erasoetan 1.400 lagun inguru hil ziren.

Udal bilbotarretik azaldu dutenez, erasoa bukatu eta hilabetera "normaltasunera itzultzeko unea da", eta ildo horretan, ekintza humanitarioa "funtsezko tresnatzat" jo du biztanleei ondasunak eta oinarrizko zerbitzuak emateko (osasun-laguntza, babesa eta elikagaiak), behar psikosozial humanitarioei erantzuteko (errehabilitazio psikosoziala eta premiazko hezkuntza) eta giza eskubideak errespeta daitezen arduratzeko.

Urtarrilaren 2an nazioarteko komunitatean sua eteteko eskatu zuen Bilboko Udalak eta Ekialde Ertaineko eremu horretan lan egiten duten gobernuz kanpoko zenbait erakunderekin harremanetan jarri zen, Bilboko Udalak premiazko laguntza humanitariorako bideratzen dituen funtsak Palestinako biztanleen eskura jartzeko.

Mundubat Fundazioak eta Euskal Herriko Unicef erakundeak zenbait proiektu aurkeztu dituzte eta Bilboko Udalaren laguntza ekonomikoarekin abian jarriko dira Berdintasun, Lankidetza eta Hiritarren Sailaren bitartez.

Mundubat Fundazioak Bilboko Udalaren premiazko laguntza eskatu du Jabalia herriko (Gaza hiriaren iparraldean) Al Awda Ospitaleko Zainketa Intentsiboetako Unitatean (ZIU) dagoen ekipamendua hobetzeko; izan ere, haren ustez, funtsezko ekipamendua da gaur egungo premiazko egoeran ospitaleak ematen duen arretaren etekin handia mantentzeko. Proiektu horrek, 32.000 euroko laguntza humanitarioa jaso du Udalaren eskutik.

Bestalde, Euskal Herriko UNICEFek uraren hornidurarekin, saneamenduarekin eta higienearekin zerikusia duten zenbait neurri abian jarriko ditu Bilboko Udalak emandako 32.000 euroko laguntzarekin, biztanleen osasuna okerrera joan ez dadin.

Bilboko Udaleko Berdintasun, Lankidetza eta Herritarren Sailak 89.179 euro bideratu zituen iaz laguntza humanitarioko zenbait proiektu finantzatzeko. 2009rako, 115.000 euro bideratu ditu programa horretarako.