EUSKADI.-Bilboko Udalak abian jarri du Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako III. Udal Plana

Actualizado: martes, 23 junio 2009 14:44

Ikuspegi berriak proposatzen ditu, hiriko emakumeen aniztasuna kontuan hartuta eta pertsonen artean benetako berdintasuna lortzeko


BILBO, 23 Jun. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udalak jarri du martxan Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako III. Udal Plana. Planarekin ikuspegia "erabat aldatuko da" generoa medio dauden ezberdintasun sozialak, politikoak eta ekonomikoak gainditzea erraztuko duten udal-politikak jorratzerakoan.

Bilboko Udaleko Berdintasunerako III. Plana joan den maiatzean onartu zuen Udal Bilkurak, eta hiru ardatz estrategikoen inguruan antolatzen da. Lehenengoa genero ikuspegia instituzionalizatzea eta emakumeak boterean sartzea da. Horretarako, emakumea gizarte eta politikan subjektu aktibo moduan sustatuko da eta emakumearen autonomia ekonomikoa bultzatuko da.

Bigarren ardatz estrategikoa uztartzea eta korrespontsabilitatea sustatzea da, etxetik kanpoko lana eta etxe barrukoa bateratzeko, arintzeko neurrien eta ekimenen bitartez. Hirugarrenik, emakumeen aurkako biolentzia errotik kentzea bilatuko da, udal politikaren ardatz esklusibo bihurtu gabe. "Denok onartutako iritzia da, emakumeen aurkako biolentzia emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren muturreko sintoma dela", azaldu dute planaren arduradunek.

Bilboko Udaleko Berdintasunaren III. Plana zeharka egin da Udaleko Sail ezberdinen eta Berdintasunaren aldeko Bilboko Emakumeen Kontseiluaren artean, eta "emakumea" kontzeptuaren ordez "emakumeak" kontzeptua hartu da, sexu-orientazioa, egoera zibila, gaitasun pertsonalak, eta kultura eta jatorri etnikoa bezalako faktoreen ondorioz dauden kolektibo ezberdinen aniztasunari erreparatuta.

Helburua da sexu-orientazio, egoera zibil, gaitasun pertsonal, kultura eta jatorri etnikoa medio taldeen arteko aniztasuna eta pluraltasuna jorratzea eta onartzea.

Horrez gain, Bilboko Udaleko Berdintasunaren III. Planak "sexuen gerra" kontzeptu tradizionala hautsiko du, hau da, emakumearen ikuspegian oinarritutako politikekin lotzen dena askotan, eta, horrela, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko apustua egingo du.

Ikuspegi berri hori kontuan izanda, Bilboko Udalak herritarrengana eta haien benetako arazoetara hurbildu nahi du, eta gainera, aurre hartu nahi die herritarrek oraindik ere eskatu ez dituzten eta etorkizunean behar izan daitezkeen premiei.

BERDINTASUN MAILA NEURTU

Bilboko emakumeen egoera aniztasuna aintzat hartuta eta giza ongizatea hiriko pertsona guztiengana hedatuta, Bilboko Udaleko Berdintasunerako III. Planean oinarrizko lau gaitasun definitu dira emakumeen eta gizonen berdintasun-maila eta bizi-kalitatea neurtze aldera: autonomia ekonomikoa; ordezkaritza sozial eta politikoa; lana eta familia uztartzea; eta norberaren segurtasuna.

Ongizate-maila Bilboko gizon eta emakumeen bizi-kalitatearen eta haien bizitzan izan eta egin nahi dutena egiteko dituzten aukeren arabera aztertzen da.

Ildo horretan, Bilboko Udalak emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna ongizatea lortzeko duten gaitasuna bezala definitzen du, sexua, adina, ezintasuna, jatorri etnikoa, sexu-orientazioa, kultura eta abar direla-eta, inolako desabantailarik izan gabe, baliabideak, osasuna, osotasun fisikoa, denboraren erabilera edota ordezkaritza soziala izateko.