EUSKADI.-Bilboko Udalak jarduteko osasun-baimena banatzen hasi da hiriko elikagai-saltokien artean

Actualizado: lunes, 1 marzo 2010 14:56

BILBO, 1 Mar. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailak elikagai-saltokiei jarduteko osasun-baimena emateko prozesua abiarazi du, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren eta Bilboko Udalaren arteko hitzarmena sinatu ondoren.

Sinaketa 2008ko abenduan egin zen, eta harez geroztik, Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailak bere gain hartu du udalerriko elikagai-saltokietan segurtasunari eta kontrolari dagozkion neurri gehigarriak aplikatzeko konpromisoa.

Prozesu honen bitartez, ikuskapen-lana normalizatu nahi da prozedura dokumentatuen erabileran oinarrituta eta Osasun Sailak egun aplikatzen dituenak erreferentziatzat hartuta. Horrela, kontrol ofizialeko jarduera guztiak modu berean egiten direla bermatu nahi da.

Elikagai-saltokiek jarduteko osasun-baimena lortzeko egindako eskaerei buruzko ebazpenak hartzea da Bilboko Osasun Sailak bere gain hartu dituen eginkizunetako bat. Hasieran, baimen horiek tramitatu eta emateko betebeharrak zehaztu ziren, administraziokoak nahiz osasun alorrekoak.

Ondoren, 2009ko ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean, pilotatzeko eta egokitzeko fasea burutu zen, ikuskapen-protokolo espezifikoak erabiliz eta tresna informatiko berriak abian jarriz. Amaitzeko, hedapen-fasea abiarazi zen, saltokietara aldez aurreko bisitak eginez, ikuskapenak gauzatuz eta baimen-agiriak igorriz.

Oraingo otsaila arte, 125 dira hirian aldeko ikuskapenak lortu dituzten saltokiak. Ikuskapenak aurkakoak baldin badira, akta bat idatzi ohi da, aurkitutako akatsak konpontzeko eskatuz, ikuskapenean ezarritako epearen barruan eta beti ere sei hilabete igaro baino lehenago.