EUSKADI.-Bilboko Udalak kirol parke berria sortuko du Etxezuri aldean, "Bilbo 2009" inbertsio eta enplegrako planaren baitan

Actualizado: viernes, 13 marzo 2009 13:46

BILBO, 13 Mar. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udaleko Obra eta Zerbitzuen Sailak Etxezuri aldea urbanizatzeko lanak burutuko ditu, Deustu eta San Ignazio auzoen artean, Agirre Lehendakaria etorbidearen gainean eta Salestarren ikastetxearen atzeko aldean. JardueRa honen bidez, Udalak alde hori bere onera ekarriko du auzotarrek erabiltzeko eta gozatzeko, eta horretarako, kirol ekipamenduak, egoteko eta atsedena hartzeko guneak egingo dira alde horretan, parkean eta Sarriko plazan inauguratu berri dituzten umeentzako jolasen gunea osatuz.

Kirol parke berriak 10.300 metro karratu egoera onean utziko ditu, eta Bilboko Udalak espazio handi bitan zatituko du: lehenengoak gutxi gorabehera 4.500 metro koadro edukiko ditu eta Agirre Lehendakariaren etorbideko biribilgunetik hurbil egongo da; bigarrenak 5.800 metro koadro edukiko ditu eta Salestarren eraikinaren atzeko aldean egongo da.

Bilboko Udaletik azaldu dutenez, obra hau "Bilbo 2009" inbertsio eta enplegurako planeko 59 proiektuetako bat da obra. Horren inbertsioa Tokiko Inbertsiorako Estatuko Funtsaren konturakoa da eta Bilboko Udalak badu horren bidetik 62.506.591 euroko aurrekontua. Horren xedea, batez ere, azpiegiturak, auzoak eta dendak hobetzea da.

Udalak leku horretako ikuspegiak kontuan hartuko ditu, harlangaitzezko murrutxoen bidez begiratoki bi egokitzeko, eta babeserako hesiak jarriko dituzte horietan. Horrela, oinezkoek hiriko 1. Barrutiaren gaineko ikuspegiez gozatu ahalko dute begiratoki horietatik. Mahaiak, jarlekuak, iturri bat eta paperontziak ere jarriko dituzte gune horretan.

Kirol asko egiteko gune bat ere egokituko da, besteak beste, futbitoan eta saskibaloian aritu ahal izateko. Argi bereziak jarriko dira leku horretan, kirola behar bezala egin ahal izateko eta auzotarrei gauean molestiarik ez sortzeko.

Inguruko auzoetako berdegune nagusia izan daitekeena sortzeko, inguru guztia loreztatuko da. Egoteko lekuan zuhaitzak landatuko dituzte eta horrela estetika hobea izango du.

Bilboko Udala jarduera honetaz baliatuko da, urbanizatu beharreko partzelaren mugan dauden aldeetan aparkamendua berrantolatzeko. Lerroan aparkatzeko 15 leku sortuko dituzte eta alde horretara sartzea eta hortik irtetea erosoagoa izango da ibilgailuentzat.

Argiteria publikoa ere hobetuko dute alde horretan eta lan hori ere aipagarria da; izan ere, segurutzat edo ezerosotzat jotzen ziren zokoak seguruagoak izango dira aurrerantzean. Urbanizazio-lanak zazpi hilabeteko epean burutu beharko dituzte eta guztira 850.000 euro inbertituko dira.