EUSKADI.-Bilboko Udalak maiatzaren 6ra arte ireki du droga-menpekotasunei buruzko ikastaroan izena emateko epea

Actualizado: jueves, 30 abril 2009 14:48

BILBO, 30 Abr. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailak antolatutako droga-menpekotasunei buruzko prestakuntza-ikastaroak maiatzaren 6ra arte du zabalik izena emateko epea. Doako ikastaro hau, eguneko zentro, tailerretarako etxebizitza, aterpe, gizarte jantoki edota baliabide asistentzialetara drogarekiko arazoekin inguratzen diren pertsonen gizarteratze-prozesuan parte hartzen duten gizarte, hezkuntza eta osasun alorretako profesional eta boluntarioei zuzenduta dago.

Interesatutakoek Bilboko Udalaren www.bilbao.net webgunean egin dezakete izen-ematea, eta plaza kopurua mugatua izango da, ikastaroaren arduradunek prentsa ohar bidez gaur jakinarazi dutenez.

Jardunaldi hauetan parte hartzen dutenek Bilboko Udaleko Negoziatuak emandako ziurtagiria jasoko dute. Ikastaroa maiatzaren 11, 13, 15, 18, 20, 22, 25, 27 eta 29an egingo da, eta saioak 9:00etatik 13:30etara bitartean egingo dira Harino Panaderaren eraikinean, Zezen Plazaren ondoan, Osasun eta Kontsumo Sailaren hitzaldi aretoan.

Ikastaroak droga-menpekotasunaren alorreko ezaguerak ematen ditu eta talde barruko gogoeta egitera gonbidatzen du laguntza terapeutikoari buruz: laguntzailearen zeregina, erabili beharreko baliabideak eta prozesua. Gogoan hartzen dira adikzioen psikopatologia, droga-motak eta egungo gizarte-testuinguruan duten eragina, familiaren garrantzia, emakume drogazalearekiko esku-hartze espezifikoa, immigrazioa, buruko osasuna, arazo judizialak eta kalteak murrizteko politikak, beti esku hartzeko eredu konpontzaileagoak bilatzeko asmoz.

Gainean, taldea bera ere baliabidetzat hartuko da, eta parte-hartzaileek amankomuneko esperientziak partekatuko dituzte teknika aktiboez osatutako metodologia baten bitartez, talde barruko elkarreragina eta kohesioa sustatuz, "Sareak sortzen" esparrua dela medio.

Programan era askotako profesionalek parte hartuko dute, besteak beste, pedagogoak, mediku-psikiatrak, psikologoak, gizarte-hezitzaileak, soziologoak eta legelariak, eta Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Saileko Droga-menpekotasunen Negoziatuko profesionalen ardurapean ariko dira.