EUSKADI.-Bilbon 18.156 langabetu zeuden 2008. urtea bukatzean, 2007an baino %31 gehiago

Actualizado: viernes, 6 marzo 2009 12:14

BILBO, 6 Mar. (EUROPA PRESS) -

Bilbon 18.156 pertsona langabe zeuden 2008. urtearen amaieran, hau da, 2007ko abenduan baino %31 gehiago, Lan Ekintza udal sozietateak argitaratutako 'Ekintzaz' hiruhileko argitalpenean jasotako datuen arabera. Horrela, 2008ko langabezia-tasa %11,5ekoa izan zen, 1998tik honako okerrena. Lan Ekintzaren argitalpenaren arabera, zifrok urte osoan egon den langabeziaren goranzko joera orokorra berresten dute.

Sektoreka, eraginik handiena Eraikuntzak jasan zuen, eta ondoren Zerbitzuek eta Industriak. Bestalde, 25-34 urte bitarteko kualifikazio baxuko gizonezkoen taldean gertatu zen langabeziaren igoerarik altuena.

Gizarte segurantzan izena emandako langileak 178.531 izan ziren, 2007ko epe berean baino 3.463 gutxiago; datuok irailean jada hasitako jaitsiera berresten dute. Igo ziren enplegu-gune bakarrak hezkuntzarekin, osasun-zerbitzuekin, administrazio publikoarekin eta energiaren eremuekin lotutakoak izan ziren.

Abiarazitako ekonomia-jarduerei dagokienez, 38.352 jarduera erregistratu ziren Bilbon 2008ko abenduan, hots, 2007ko abenduan baino %0,5 gehiago. Igoera nabarmenagoa izan zen finantza-erakundeekin, aseguruekin, alokairuekin eta enpresa-zerbitzuekin lotutako sektoreetan. Ekonomia-jarduera gehienak Abandoko barrutian bildu ziren, %1,3 hazi baitziren aurreko urteko epe berarekiko. Jaitsiera portzentualik handiena, berriz, Otxarkoaga-Txurdinaga barrutikoa izan zen.

'Ekintzaz' aldizkariaren arabera, txikizkako merkataritzak presentzia handia izan zuen 2008an zehar, 7.056 lizentziarekin, baina urtearen amaieran %1eko atzerakada txiki bat erregistratu zuen, 2007an baino 63 lizentzia gutxiago eman zirelako. Ostalaritzak, berriz, lizentzia kopuruaren igoera izan zuen 2008ko amaieran, 2007ko epe berean baino 21 jarduera gehiagorekin; enplegu-galera txiki bat izan zuen, halere.