EUSKADI.-Bilbon euskaraz egiten diren ekimen guztien elkargunea izango da Udaleko Euskara Sailaren webgune berria

Actualizado: martes, 23 febrero 2010 18:24

BILBO, 23 Feb. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udaleko Euskara Sailak bere web-orrialde berria aurkeztu du: www.bilbaoeuskaraz.com. Atari berriaren helburua da Sailak garatzen dituen programa eta zerbitzu guztiak bilbotarrei hurbiltzea eta Bilbon euskaraz gauzatzen diren ekimen guztien elkargunea izatea, bere arduradunek adierazi dutenez. Euskaraz eta gaztelaniaz kontsultatu ahal den webgunea Iametza Interaktiboa enpresak diseinatu du.

"Informazioa" atalak Euskara Sailaren informazioa jasotzen du: Sailaren kokapena, telefono zenbakia, Sailak garatzen dituen zerbitzuak eta abar. "Atalak" izeneko gunean Sailak sortutako eta euskararekin lotutako gaurkotasunezko gaiei buruzko berriak aurkitu ahal dira eta horrekin batera euskarak Bilbon duen presentziari buruzko datu soziolinguistikoak, Sailaren programa, argitalpen eta diru-laguntzei buruzko informazioa, hiriko euskaltegietan euskara ikasteko argibideak edo euskaraz egiten diren ekimenen egutegia.

Bestalde, webgune berriak beste atari erabilgarrietara sartzeko aukera ematen du: hiztegiak, zuzentzaileak, euskarazko software-ak edo bizkaiera eta beste euskalkien web-orriak. Webguneak euskarazko komunikabide, Bilboko euskaltegi, indarrean dauden itzulpen zerbitzu eta euskararen inguruan lan egiten duten erakundeen atari digitaletara estekak ere biltzen ditu.

Atariak biltzen duen informazio guztia Sailaren jardunarentzat garrantzitsuak diren xede taldeen helburuen eta beharren arabera sailkatuta dago: gurasoak, helduak, gazteak, umeak, merkatariak, ikastetxeak eta elkarteak.