EUSKADI.-Bizkaia Irratiak eta Euskaltzaindiak bion arteko lankidetza-hitzarmen berria sinatu dute

Actualizado: lunes, 11 enero 2010 18:11

BILBO, 11 Ene. (EUROPA PRESS) -

Bizkaia Irratiak eta Euskaltzaindiak hiru urteko iraupena izango duen lankidetza-hitzarmen berria, bigarrena, sinatu dute gaur Akademiaren egoitzan, Bilbon. Irratiaren izenean, Dorleta Alberdi zuzendariak sinatu du, eta Euskaltzaindiarenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak.

Hitzarmen horren eraginez, bi erakundeok elkarlanean arituko dira, bereziki euskararen normalizazioari buruzko proiektuak gauzatzeko eta Euskaltzaindiak euskararen arloan ezarritako arauak zabaltzeko. Alberdirekin eta Urrutiarekin batera, sinatze-ekitaldian Jose Luis Lizundia eta Adolfo Arejita euskaltzainak ere izan dira.

Hizartemaren bidez, Bizkaia Irratiak eta Euskaltzaindiak elkarri euren ikerketa-ondareak erabiltzeko aukera emango diote eta, bereziki euren artxibategi, fonoteka eta bibliotekak erabiltzeko aukera.

Bereziki, Euskaltzaindiak erantzuna emango die Bizkaia Irratiak egindako kontsultei, kontsultok euskal lexikoari, gramatikari, onomastikari -batez ere toponimia arloan-, ortografiari eta, oro har, euskararen araugintzako bestelako gaiei buruzkoak direnean.

Irratigintzaren arloan, elkarlana bultzatuko da, eta baterako programak sustatuko dira, euskarazko normalizazioaren eta normatibizazioaren eremuan, euskarazko zabalkunde-lanak batera egiteko eta, horrela, bi sinatzaileok euskararen inguruan sortutako corpusa hedatzeko.

Halaber, Bizkaia Irratia eta Euskaltzaindia elkarlanean arituko dira, euren biblioteketako eta fonoteketako euskal funtsak sendotzeko, eta lankidetza politika bultzatuko dute ikastaroak eta programak sortu eta egin daitezen, euskarari eta euskal kulturari dagozkien komunikabide eremuetan.

Hiru urteko iraupena izango duen hitzarmen hau koordinatzeko, Bizkaia Irratiak eta Euskaltzaindiak Jarraipen Batzordea eratuko dute, bakoitzak bina ordezkari izango dituelarik.