EUSKADI.-Bizkaiko Diputazioak 100.000 euro jarri ditu elikagaien teknologia berrien ereduzko instalazio bat sortzeko

Actualizado: martes, 21 julio 2009 15:36

BILBO, 21 Jul. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak erabaki du 100.000 euroko laguntza ekonomiko bat emango diola Azti Fundazioari, ekitaldi honetako aurrekontuaren baitan eta era partzialean, elikagaien arloko teknologia berrien erakusketarako instalazio bat finkatzeko beharrezko ekipamendua eskuratzeko jarduketak egiteko, foru erakundeko iturriek jakinarazi dutenez.

Sorrera eta kokapen berriko instalazio honetan 75 pertsona inguruk egingo dute lan eta instalazio modernoak izango ditu: ikerketarako laborategien eta bulegoen alde bat, eta beste alde tekniko edo ereduzko planta bat, eta baita elikagai berrien ikerketarako egitaraua garatzeko beharrezkoak diren azpiegiturak ere. Helburua elikagai osasungarriagoak, erosoagoak, gozoagoak eta seguruagoak ekoiztea da.

Jarduera honi esker epe ertainean aukera egongo da ikerketarako eta garapen teknologikorako instalazioen multzo handiagoa edukitzeko, era askotako ikerketak egiteko bideekin. Horrela, azpiegitura eta ikerkuntzaren arloko jarduerak garatzeko zuzkidura nahikoak izango dituen tresna baten garapenaren jarduerak areagotu egingo ditu ezagutza sortzen duten eragileen eta Bizkaiko sare ekonomikoan eta industrialean presentzia garrantzitsua duen elikagaien sektoreko enpresen arteko harremanak, beti ere kontuan hartuta enpresa horiek bolumen garrantzitsua dutela Bizkaiko BPGari dagokionez.

Bizkaiko Foru Aldundiaren Berrikuntza eta Ekonomi Sustapen Sailaren iritziz, jarduera horrek Bizkaiko eta Euskal Herriko elikagaien industria transformatzen lagunduko du, hots, erronka eta inguru berriei egokitzeko eta sektoreari teknologia zuzkitzeko balioko du. Ekintza honen bidez bertora adimena erakartzeko eta talentu horiek berton geratzea lortzeko beharrezkoak diren ikerkuntza eta ezagutzaren arloetan Bizkaia erreferente bihurtzeko oinarriak jartzen laguntzen da.