EUSKADI.-Bizkaiko Diputazioak 330.000 euro erabiliko ditu aurten lurraldeko artisautza sektorea dinamizatzeko

Actualizado: lunes, 13 julio 2009 15:13

BILBO, 13 Jul. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak urte honetarako Artisautza Sustatzeko Foru Dekretua onetsi du. lurraldeko artisautza sektorea dinamizatzen eta berpizten laguntzen duten jarduerak egiten laguntzea da helburua. Bizkaiko Artisautzako Erregistroan 111 enpresa daude izena emanda, Bizkaiko artisautza jardunaren %98, alegia, eta haietatik 33k diru-laguntza eskatu zuten iaz. Gaur onetsi den Artisautza Sustatzeko Foru Dekretuaren aurrekontua 330.000 eurokoa da.

Eskaerak aurkezteko deialdiaren epea irailaren 25ean amaituko da. Laguntza hauek jaso ditzaketen erakundeak artisautzako enpresak izan behar dira, eta besteak beste, betekizun hauek bete behar dituzte: helbide fiskala, soziala eta ekoizpenekoa Bizkaian izan behar dute eta plantillan 15 langile finko baino gehiago ezin dute izan.

Diruz lagundu daitezkeen egitateak bi ataletan banatzen dira: artisautza enpresentzat alde batetik, eta toki erakundeentzat eta artisau elkarteentzat bestetik. Artisautza enpresentzat trebakuntza osagarriko ikastaroak egitea, sustapen komertzialeko materialak egitea, azoketan parte-hartzea, aprendizak kontratatzea, kanpoko profesionalak kontratatzea eta artisautzako tailerra alokatzea babestuko da. Diruz laguntzeko moduko jarduerak 2008ko urriaren 1etik 2009ko abenduaren 31ra bitartean hasi eta burutu beharko dira.

ARTISAUTZAREN SUSTAPENA

Tokiko erakundeen eta artisau elkarteen kasuan, diruz lagunduko da artisau enpresei zuzendutako trebakuntza jarduerak antolatzea, Bizkaian sektorearentzat interesgarri diren artisautza azokak antolatzea, Bizkaiko artisautza hedatzea eta sustatzea, eta sektorearen lehiakortasuna eta kudeaketa hobetzeko jarduerak.

Atal honetan, Bizkaiko Foru Aldundiko Berrikuntza eta Ekonomiaren Sustapenerako Sailak diruz lagunduko dituen jarduerak 2009ko urtarrilaren 1etik 2010eko abenduaren 31ra bitartean hasi eta amaitu behar dira.

Erregistratuta dauden artisautzako 111 enpresek oso gai ezberdinak lantzen dituzte, hala nola zeramika, landare zuntza, musika tresnak, bitxiak, marmola, harria eta eskaiola, metala, zurezko altzariak, zurezko gauzak, larrua, ehunak eta beira.

2008an egindako azterlanaren arabera, elkarte hauetan 2,2 lanpostu daude batez beste. Beraz, erregistroan dauden artisautzako 111 enpresa hauek 244 lanpostu sortu dituzte gutxi gorabehera.