EUSKADI.-Bizkaiko Diputazioak eta Getxok oinarrizko errentaren jasotzaileak gizarteratzeko eta laneratzeko hitzarmena sinatu dute

Actualizado: lunes, 27 julio 2009 14:52

BILBO, 27 Jul. (EUROPA PRESS) -

Getxoko Udala izan da oinarrizko errentaren jasotzaileak gizarteratzeko eta laneratzeko "Bizkaia inklusio aktiboaren alde" izeneko plan pilotua abian jartzeko hitzarmena sinatu duen Bizkaiko lehenengo udala. Bizkaiko Foru Aldundiko Lan eta Trebakuntza Sailak eta Gizarte Ekintza Sailak koordinatutako proiektu honek sustapen pertsonala, trebakuntzako eta prestakuntzakoa eskaintzea du helburu, pertsona horiei lan mundura sartzen lagungarri gerta dakien.

Gaur goizean sinatu dute hitzarmena Eusebio Larrazabal Gizarte Ekintza Saileko foru diputatuak eta Imanol Landa Getxoko alkateak. Ekintza hau BBKren eta hirugarren sektoreko Sortarazi, Emaus Bilbao, Coopera Gizarte Sarea, Gaztaroa-Sartu Elkartea eta Caritas Bizkaiaren lankidetzari esker izan da posible.

Plan pilotu honek 336 pertsona izango ditu onuradun Bizkaia osoan, oinarrizko errenta jasotzen dutenen %5, hain zuzen ere. Bizkaian ia 23.000 famili unitate daude egoera horretan: 20 eta 65 urte bitartekoak dira eta Bilbo (Uribarri-Zurbaran, San Francisco-Abusu), Barakaldo, Getxo, Busturialdea, Bermeo eta Enkarterrietan bizi dira.

Getxon zehazki 54 pertsonarekin lan egingo da zuzenean. Udal horretako gizarte zerbitzuek Lan eta Ekonomi Garapen Atalarekin lankidetzan aukeratu dituzte onuradunak. Aukeratutakoen ezaugarri nagusiak honako hauek dira: emakumezkoa, 25 eta 44 urte bitartekoa, atzerritarra, urte bat baino gutxiago darama oinarrizko errenta jasotzen eta ez du beste diru-sarrerarik.

Aukeratutakoen artean 22k enplegu-gaitasuna sendotzeko eta lan-munduan sartzeko partaide bakoitzaren araberako ibilbideetan hartuko dute parte (informazio pertsonalizatua, ikasketarako eta lanerako orientabideak, oinarrizko eskumen zehatzetako trebakuntza, bekak, lan-praktikak).

Bazterkeria eta mendekotasun arazo arruntak dituzten eta lan merkatutik urrun dauden beste 27 pertsonak osatzen dute bigarren taldea. Horiek lana bilatzeko lantegietan eta babestutako lan merkatuan sartzeko helburua duten bakoitzaren arabera prestatutako iraupen luzeko trebakuntza-ibilbideetan (malguak eta moduluka antolatuta) hartuko dute parte.

Hirugarren taldea bazterkeria eta mendekotasun arazo larriak dituzten bost pertsonek osatutakoa da. Horientzat maila pertsonalean zein familia mailan eragiteko xedea ezarri da, ibilbide sozio-pertsonalak eta lanbide-lantegiak landuko dira, antolaketa eta familia ingurua hobetzen laguntzeko neurrien bidez indartuta.

Partaideek euren beharrizanetara egokitutako gizarte zerbitzuen eskaintza zabala izango dute ibilbide guztian. Horretarako laguntza sozio-sanitario, osatu, familia eta gizarte integrazio, aisialdi eta aisialdi eta lege aholkularitza gaietan Getxon dauden zerbitzu eta baliabideen lehendabiziko mapa egin da. Aukeratutako pertsonen ezaugarri zehatzak finkatutakoan mapa hori sendotu egingo da.