EUSKADI.-Bizkaiko Diputazioak 9 milioi euro emango ditu herri txikietan obrak egiteko eta ustekabekoetarako

Actualizado: martes, 19 enero 2010 14:19

BILBO, 19 Ene. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak diru-laguntza batzuren deialdia onartu du 2010. urterako gaurko bileran, 3.000 biztanletik beherako lurraldeko udalerriei zerbitzuak emango dituzten azpiegituren obrak finantzatzeko eta izan daitezkeen ustekabekoei aurre egiteko. Banatuko den zenbateko osoa 9 milioi euro ingurukoa izango da.

Horrela, Juan Maria Aburto foru erakundeko bozeramaileak prentsaurrekoan gaur azaldu duenez, Bizkaiko Foru Aldundiak 3.540.000 euro emango ditu diru-laguntzetan herri txikietan azpiegiturak egiteko, eta jarduera bakoitzeko gehienez 150.000 euroko diru-laguntza eman daiteke. Eskabideak aurkezteko epea otsailaren 2an amaituko da.

Bestalde, ustekabekoen kargura udalerriei diru-laguntzak ematea arautzen duen dekretua ere onetsi da gaurko bileran. Atal horretarako diru-sorta beti da Udalkutxa Udal Finantzaketarako Foru Fondora emandako kopuruaren % 0,75. 2010eko ekitaldirako, kontzeptu horretarako onartutako aurrekontua 5.343.440 eurokoa da, iaz 6.360.541 eurokoa izan zen bitartean.

Ustekabekotzat hartzen diren betebehar ekonomikoak dira, berehala betearazteko agindurik, toki erakundeei sortu zaizkienak, eta euren aurrekontuetan aurrez ikusi ez direnak, besteak beste, hondamendi naturalek sortutako kalteak, lanen aldaketak, saneamendu ekonomikorako planak, arauak aldatzeagatik ezarritako betebeharrak, eta abar.