EUSKADI.-Bizkaiko Foru Aldundiak eta Tecnaliak oinarri teknologikoko enpresa berrien sorkuntza sustatzeko akordioa sinatu dute

Actualizado: lunes, 6 julio 2009 15:54

BILBO, 6 Jul. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko Foru Aldundiko Berrikuntza eta Ekonomiaren Sustapenerako Saileko foru diputatu Izaskun Artetxek eta Tecnalia korporazio teknologikoko buru Joseba Jauregizarrek bi erakundeen arteko hitzarmen bat sinatu dute gaur, aurtengo eta 2010. urteko aurrekontuen baitan Tecnalia Fundazioaren inguruan potentzial handiko oinarri teknologikoko enpresa eraberritzaile berrien inguruko ezagutza eta horien bultzada eta sorkuntza sustatzeko. Foru erakundeak 620.000 euro jarriko ditu eginkizun horretarako.

Diru-laguntza horri esker, Bizkaiko Foru Aldundiak Zamudioko Teknologi Parkean dagoen T4 Ekingunea enpresa-mintegian beste zortzi enpresa berriren sorkuntza ekarriko duten emaitzak lortu nahi ditu. Horretarako, eta enpresa-mintegi horri eusteko, 220.000 euroko zenbatekoa jarri du. Bestetik, 400.000 euro izango dira Tecnalia Fundazioko ikerketa-taldeak finantzatzeko, eta sei proiektu berri laguntzeko eta dozena erdi bat enpresa sortzeko asmoa dago.

2006-2008 aldian, Bizkaiko Foru Aldundiak Berrikuntza eta Ekonomiaren Sustapenerako Sailaren bidez eman dituen laguntzei esker, lau enpresa (Indumagnet, Diede, Invitrotek eta Deltanek) sortu dira eta enpresa-mintegia prestatu da.

Foru erakundetik adierazi dutenez, Bizkaiko Teknologi Parkea Euskadiko ikerketa, garapen eta berrikuntzako "erreferentzia" bilakatu da, eta enpresa eraberritzaileen kopuru handi bat biltzen du -enpresa horiek euren inbertsioen %10etik gora I+G+b arlorako erabiltzen dituztelarik-, bai eta zientzia eta teknologiaren arloko komunitate garrantzitsu bat ere, 2.000 inguru baitira teknologia zentroetan, unibertsitateetako departamentuetan eta enpresetako I+G unitateetan dabiltzan ikerlariak eta bertan kokatutako I+G+b-ko koordinazio-eragileak.

Honako hauek dira, T4 Ekingunea sortuz, Berrikuntza eta Ekonomiaren Sustapenerako Sailaren eta Tecnaliaren helburuak: zientzialari eta teknologoen espiritu ekintzailea sustatzea; ezagutza zientifiko-teknologiko abiapuntu hartuta balioa sortzea eta I+G proiektuetan lortutako emaitzen benetako gardentasuna lortzea; eratutako enpresa berrietarako ikerketa areagotzea; negozio-unitateen arteko zeharkakotasuna sustatzea, enpresa berriak sortzeko beste aukera batzuk egon daitezen; eta enpresa-sarearen dibertsifikazioan eta hazkunde ekonomikoan eta, ondorioz, gure gizartean lana eta aberastasuna sortzen laguntzea.

T4 Ekingunea enpresa-mintegiak azpiegitura egokia jarriko du oinarri teknologikoa duten enpresa-proiektuak abiarazteko. Era berean, aukera emango du bertan instalatutako proiektuen artean sinergiak sor daitezen.