EUSKADI.-Bost gazte atxilotu dituzte Bilbon kiosko bateko langile bati jipoia emateagatik

Actualizado: viernes, 24 abril 2009 20:05

BILBO, 24 Abr. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek bost gazte atxilotu dituzte Bilbon indarkeriaz egindako lapurreta delitu baten eta lesio delitu baten ustezko egileak direlakoan. Joan den urtarrilaren 31n, bost atxilotuek jipoia eman omen zioten gozoki eta prentsa saltoki bateko langile bati eta, gainera, dirua eta egunkariak ostu zizkioten. Biktima ospitalera eraman behar izan zuten, pairatutako lesioak zirela eta.

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez, urtarrilean abiatutako ikerketa bati esker bost gazte identifikatu eta atxilotu ahal izan ditu Ertzaintzak, kiosko bateko langile bati egindako eraso baten eta indarkeriazko lapurreta baten ustezko egileak izatea egotzita.

Gertakariak urtarrilaren 31ko 6:00ak aldera jazo ziren, Bilbon. Ordu horretan, 27 urteko gizonezko bat salgaia antolatzen ari zen Rekalde zumarkaleko kiosko batean; hain zuzen ere, aldizkariak, egunkariak eta bertan saltzen dituen beste hainbat produktu saltoki barruan sartzen ari zen.

Bat-batean, neska bat saltokira hurbildu zen eta, baimenik gabe, gozoki kaxa bat hartu zuen. Horrez gain, langilea gogaitarazten hasi zen, bere lana egin zezan eragotziz. Egoera horren aurrean, lapurtutakoa bere tokian uzteko eskatu zion gizonezkoak neskari.

Une horretan, gertuko diskoteka batetik irten berri zen gizon gazte bat bertaratu zen eta langileari bultza egin zion. Jarraian, borroka txiki baten ostean, gazteak hainbat ukabilkada eman zizkion aurpegian saltzaileari.

Minutu batzuk geroago, beste lau gazte aipatutako ostalaritza lokal beretik irten eta erasotzailearekin elkartu ziren, guztien artean, saltzaileari jipoia emateko: ostikadak eta ukabilkadak eman zizkioten, biktima bere burua babesten saiatzen ari zen bitartean.

Gertakarien berri izan bezain laster, Ertzaintza bertaratu eta biktimarekin harremanetan jarri zen, baina langileak ez zuen erasotzaileei buruzko datu argigarririk ematerik izan. Gainera, gazteek 800 euro inguru, gozokiak eta 70 egunkaritik gora ostu zituztela egiaztatu zuten agenteek. Erasoaren ondorioz, 27 urteko biktima Basurtuko Ospitalera eraman behar izan zuten.

Ikerketa taldeak jakin zuenez, 4:00ak aldera Ertzaintzaren patruila batek ustezko erasotzaileetako batzuk identifikatu zituen, izan ere, aipatutako diskotekako segurtasuneko arduradunek gazte horiek lokaletik bota omen zituzten, euren jokabide txarra zela eta. Ondoren, erasotzaileetako batzuk azken urteotan izandako antzeko gertakariengatik identifikatuta zeudela jakin ahal izan zuen Ertzaintzak ikerketari esker.

Azkenik, atzo, bost gazte atxilotu zituzten: 18, 22 eta 23 urteko hiru eta 20 urteko beste bi. Indarkeriaz egindako lapurretaren delitu bat eta lesio delitu bat egin izana egotzi dizkiete.