EUSKADI.-Bost pertsona atxilotu zituzten atzo Basauri, Bilbo, Leioa eta Portugalen dendatan lapurtzeagatik

Actualizado: miércoles, 20 mayo 2009 18:49

BILBO, 20 May. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek bost pertsona atxilotu zituzten atzo Basauri, Bilbo, Leioa eta Portugaleten zenbait dendatan egindako lapurretengatik. Basaurin atxilotutako emakumezkoaren eta Leioan atzemandako gizonezkoaren aurkako atxiloketa eta espetxeratze aginduak ere zeuden ezarrita, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.

Atzo arratsaldean, 13:00ak aldera, emakumezko bat atxilotu zuten Basaurin denda bateko bulegoetan harrapatu zutelako. Denda itxita zegoen eta barruan bi langile zeuden merkantzia jasotzeko zain emakumezkoa bulegoko mahai azpian ezkutatuta aurkitu zutenean.

Ertzaintzari abisatu ostean diru-kutxak hutsik zeudela konturatu ziren. Dirua aurkitu bezain laster, ertzainek susmagarria atxilotu egin zuten. Gainera, emakumezkoaren aurkako atxiloketa eta espetxeratze agindu bat ezarrita zegoela jabetu ziren agenteak bere aurrekarien artxiboak kontsultatzean.

Bestalde, 18:00etan bizilagun batek Ertzaintzari deitu zion Bilbon, kale erdian, bi pertsona elkarri erasoka ikustean. Hurbildu zenean, gizonezkoetako batek laguntza eskatu zuen ustez lapurretan egin berri ziotela eta. Ustezko lapurra geldiarazi eta harrapatu egin zuten patruila heldu zen arte. Biktima, denda baten jabea omen zen eta susmagarria boligrafo kaxa bat osten ikustean bere atzetik korrika atera omen zen. Agenteek gizonezkoa atzeman zuten indarkeria erabiliz egindako ustezko lapurretagatik.

Ordu berean, Leioan, saltoki-gune bateko segurtasuneko langile batek gizonezko bat harrapatu zuen, kirol zapatila batzuk ostu omen zituelako denda batetik. Bertaratu ziren Ertzaintzaren agenteek ustezko lapurra berehala atxilotu zuten. Gainera, susmagarri honen aurka ere atxiloketa eta Bilboko epaitegi batean aurkezteko agindu bat zegoen ezarrita.

Azken atxiloketa Portugaleteko denda batean izan zen 20:00ak aldera. Jabeak bikote bat harrapatu zuen apalategietako hainbat produktu arropa artean gordetzen ari zenean. Ertzainak heldu zirenean, susmagarriak miatu zituzten eta dendan falta ziren gainean zeramatzatela egiaztatzean, atxilotu egin zituzten.