EUSKADI.-Bost proiektu eszeniko jarriko dira martxan BilbaoEszena zentroaren "Artistak egoitzan" programaren bitartez

Actualizado: martes, 14 julio 2009 14:57

BILBO, 14 Jul. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, kanpoko aholkulari batzuen laguntzarekin, Bilboko bi proposamen eta Madrilgo beste hiru aukeratu ditu "Artistak egoitzan" arte eszenikoak sustatzeko programaren lehen edizioan. Proiektuok 20.000 euroko diru-laguntza jasoko dute, eta BilbaoEszena Antzerki Baliabideen Zentroaren instalazioak, bitarteko teknikoak eta laguntasun artistikoa izango dute proiektuak aurrera ateratzeko.

Orotara, egitasmoaren arduradunek jakinarazi dutenez, 74 eskaera jaso ditu Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak. Ekimen honen aurrean interes handia jarri dute bilbotar artistek eta 16 proposamen izan dira aurkeztu dituztenak; beste hamar euskal sormenekoak dira eta 37 Estatutik jasotakoak. Gainontzeko 11 atzerritik heldu dira, Italia, Argentina, Suitza, Grezia eta Mexikotik, hain zuzen ere.

Proposamen guztietatik aukeraketa egin du batzordeak, adituak diren kanpoko aholkulari batzuen laguntasunarekin, eta ondoko proiektuak hautatu ditu: "El ser humano perfecto-el video Booth", Rosa Casado madrildarrerena; Sandra Fernandez bilbotarraren "Fa en cuarta"; Paloma Calle madrildarraren "My heart belongs to daddy"; La Tristura talde madrildarraren "Actos de juventud"; eta Matxalen de Pedro bilbotarraren "Ex_ceso".

Diziplina aniztasunagatik eta ikerketara eta arte eszenikoen esparru berrien garapenera gehien hurbildu diren proiektuak aukeratu ditu epaimahaiak. Laguntza hauetaz baliatuko direnek BilbaoEszenako instalazioak, azpiegiturak, ekipamenduak eta bestelako udal zerbitzuak erabiltzeko aukera izango dute uztaila eta urria bitartean, gehienez 35 egunez, beti ere proiektuaren beharrei egokituta. Behar izanez gero, laguntza tekniko eta artistikoa ere izango dute.